Mintxeta Atletismo Taldeak –MAT– 2025eko Juan Muguerza Kroseko kartel ofiziala aurkeztu du. Lasterketaren historian zeresan handia izan eta arrasto sakona utzi duten duten Mariano Haro eta Carmen Valero hartu ditu aintzat datorren urteko urtarrilaren 5ean ospatuko den lasterketari begira, biak ala biak 2024an hil baitira. Mintxetako harmailetan Elgoibarren garaipena lortzea zer zen –Lerungo futbol zelai zaharrean– jakin zuten bi pertsona hauek gogoan hartu nahi izan ditu MAT-ek.
Hala, 2024ko urtarrilaren 2an, Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren 80. edizioaren bezperetan, 1978ko irabazlea, Carmen Valero, bat-batean hil zen. «Kirolaren mundua hunkituta utzi zuen», onartu du MAT-ek atera berri duen prentsa oharrak. Valero «1978an eta 1979an Munduko Kros txapelduna izan zen, baita emakumeen kirolaren sustatzaile ere, nekez bete ahal izango dugun hutsunea utzi zigun. Gure krosa maite zuen, esker onekoa zen beti, eta hunkiturik egoten zen bisitatzen gintuen bakoitzean. Haren oroimenak bizirik iraungo du krosaren eta, oro har, atletismoaren zaleen artean», dio MAT-en oharrak.
Uda betean, 2024ko uztailaren 27an, Mariano Haro ‘Becerrilgo Leoia’ hil zen. «Kroseko mito izan zenak utzi egin gintuen, gaixotasun luze baten ostean. Bost aldiz (1971, 1973, 1976, 1977 eta 1978) Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren garaile nagusi eta hiru aldiz munduko txapeldunorde izan zenak betiko arrastoa utzi du Elgoibarren. Municheko 1972ko Olinpiar Jokoetan 10.000 metroko finalean eskuratu zuen laugarren postua izan zen bere lorpenik handiena. Bertan, ‘Municheko bost elgoibartarrek’ zuzenean gozatu ahal izan zuten estadioan Marianok egin zuen balentria handiarekin. Ia ezinezkoa da Elgoibarren lortu dituen garaipenen marka gainditzea», azpimarratzen du Mintxeta Atletismo Taldeak publikatu duen oharrak.
Arrazoi hauengatik guztiengatik 2025eko lasterketaren kartela eskaini nahi izan die MAT-ek.