Esperientzia gogorretan, guri buruzko iritzia beti daukate medikuek, psikologoek, autoritatea duten pertsonek, eta liburu hau modu bat da bizipen horiek izan dituzten pertsonei ahotsa emateko. ‘Ahizpa beltza’ (Balea Zuria) minaren erraietara egindako bidaia da. Indarkeria sexuala, suizidioa, autolesioa, eskola-jazarpena, gaixotasuna, biolentzia medikoa edota substantzien abusua bezalako gaiak jorratzen ditu Iosune de Goñi Garciak. «Komunikabideetan agertzen diren auziak dira, baina tratamendua oso pertsonala eta subjektiboa da», nabarmendu du Aritz Gorrotxategi editoreak.
Astearte honetan Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez, gordintasunaren eta lirismoaren bidegurutzean, poesia eta prosa poetikoa tartekatzen ditu idazle, argazkilari eta itzultzaile burlatarrak. Lehen eta hirugarren zatia poemez osatuak daude, eta bigarrena prosa poetiko jarrai bat da. «Bildumako testuek zauriei beste leku batetik eta elkarrekin begiratzeko gonbita egiten dute, ilunean distira egiten duten izakiak existitzen direla oroitaraziz».
Liburu hau finalista izan zen 2024ko DK Poesia Sarian. «Deserosoa eta mingarria da, baina era berean ederra».
Animaliak agertzen dira, sugeak, zainak, odola, eguzki itzaliak, ezpain izoztuak... «Ukitu makabroa ere badu, baina horren gainetik argia bilatzeko saiakera bat da. Bukaeran ez du esaten min hori gainetik kendu behar dugunik, gehiago da nola bizi min horrekin, pentsatuz argia posible dela eta bizirik gaudela».
Bederatzi urteko prozesua
Euskaraz, ‘Iparreko basoak’ (Egile Berriendako 28. Literatur Lehiaketa, 2019), ‘Gorputz baten aztarnak elurretan’ (Pasaia Hiria-Xabier Portugal Poesia Saria, Bermingham, 2022) eta ‘Itzalak uraren azpian’ (Egile Berriendako 31. Literatur Lehiaketa, 2022) poesia lanak argitaratu ditu De Goñik. Gaztelaniaz, ‘Trenza roja’ (2020) diziplinarteko fanzinearen egilekidea da, Ines Garcia Martinezekin batera.
‘Ahizpa beltza’ gure barruan dagoen itzala dela adierazi du, gure itxura du, baina ez da gu, bertzea da. Duela bederatzi urte jaio zen adierazpena. Osasun arazoak izan zituen garai hartan eta adierazpen hori erabiltzen hasi zen gertatzen zitzaiona hobeki ulertu nahian. Liburuko lehen poema 2017an idatzi zuen. Prozesu luzea izan da, hortaz, eta bertze proiektu ugari sartu dira tartean. Baina eskertzen du denbora hori ere, bitartean itzal horrekiko erlazioa aunitz aldatu delako.
Unibertso propio bat
Egileak agertu duenez, estiloan arreta gehien deitzen duena da gutxitan idazten dituela poemak: «Nik liburuak idazten ditut, kiribilean beti, borobilak marraztuz». Liburu hau bidaia bat da. Magia eta mitologia beti interesatu zaizkio, eta bere sinbologia eta unibertso propioa sortu du, hagitz bisuala.
Bertzeaz edo itzalaz mintzo da, niaren bikoiztasunaz. Bikoiztasun hori aldatu eginen da liburuan zehar. Lehen atala desertuan kokatua dago. Bigarrenean, bikoiztasun hori zerk eragiten duen aztertzen da: kanpotik datorren indarkeriak. «Dagoeneko ez da nigan zerbait gaizki dagoela, munduratu nauten gizartean zuzenean eragiten didaten arazoak dira».
Badira lehen, bigarren eta hirugarren pertsonan idatzitako poemak, adin ezberdinak dituztenak. Errealitatearekin harreman estuagoa du atal honek, sortzaileak erran duenez.
Erraten ez dena
Ihes egiteari buruz ere bada liburua. «Horrekin lotuta pentsatu dut oso zaila dela modu zuzenean hitz egitea askotan ez ditugulako hitzak topatzen. Horri buruz ez badugu hitz egiten, ez ditugu hitzak sortzen. Poesiak asko lagun gaitzake. Garrantzitsua da esaten ez dena».
Hirugarren atalean iluntasunean ere balioak daudela aldarrikatzen saiatzen da. «Minak entzuna izatea behar du, eta guk ere hori behar dugu».
Gorrotxategik erantsi du liburua «oso ongi idatzita» dagoela. «Oso aberatsa da: irudiak, hitzak, eraikuntzak. Koherentea da. Mintzaira bat bilatu nahi horretan, poesia topatu duzu», erran dio ondoan duen sortzaileari.
Honako mezua eman dio Iosune de Goñik irakurleari: «Aipatutako esperientziak bizi izan badituzu, posible da esku artean duzun liburuak barruan daramazun guztia (eta agian kanpoan izan beharko lukeena) astintzea, nahastea, zure hesteetan ezkutatzen den animaliak begiak ireki eta hozka egitea. Baina amaieran eskua emango dizut, ez zara bakarrik egongo. Eta beharbada nire hitzek eragindako min hori guztia desegiten hasiko da, zerurantz euritzen, zauriek desertuaren bihotzean konstelazio beltz eta argitsu bat ehuntzen duten arte».