Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Jai Alai Liga Estatu Batuetara hedatuko da bere hirugarren denboraldian

Jai Alai Ligak hazten jarraitzen du. Bere hirugarren denboraldia izango den honetan, Estatu Batuetara hedatuko da. Astebeteko txapelketa jokatuko da Daniako pilotalekuan (lau bikoteren artean), Master kategoria izango du eta puntuagarria izango da Jai Alai Ligarako.

Benny Bueno, Daniako pilotalekuko intendentea, Donibane Lohizuneko aurkezpenean izan da.
Benny Bueno, Daniako pilotalekuko intendentea, Donibane Lohizuneko aurkezpenean izan da. (Patxi BELTZAIZ)

Jai Alai Ligak beste urrats bat eman du bere hirugarren denboraldi honetan. Euskal Herria bere osotasunean ardatz duen txapelketa honek Estatu Batuetara egingo du jauzi. Otsailean jokatuko da ‘Biscayne Cup’ txapelketa Floridako Dania Jai Alai pilotalekuan eta puntuagarria izango da Jai Alai Ligarako. Master kategoria izango du eta bertan lehiatuko den bikoteetako bat Floridako denboralditik sailkatuko da.

«Liga Euskal Herrian egonkortu eta orain, itsasoa zeharkatu eta Estatu Batuetaraino iristea, bertako frontoi baten Master bat jokatzea Jai Alai Ligarentzat aurrerapauso oso garrantzitsua da», onartu dio NAIZi Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendariak. Puntista ohia Donibane Lohizuneko Herriko Etxean egindako aurkezpenean egon da. Bertan izan da Daniako pilotalekuko intendente Benny Bueno, bai eta lau Slam garrantzitsuetako ordezkariak ere (Gernika, Biarritz, Pau eta Donibane Lohizune).

Benny Buenok azaldu du «ohore bat» dela Jai Alai Ligaren parte izatea, hain justu Jai Alai Estatu Batuetara iritsi zela mende bat bete den horretan. 1924an Miamin ireki zen ‘Biscayne Frontón’ izeneko pilotalekua eta keinu bezala, txapelketa honek izen hori hartuko du. «Goikoetxea eta biok oso lagunak gara, sarri hitz egiten dugu elkarrekin. Beraiek Euskal Herrian egiten ari direnaz eta gu Floridan egiten ari garenaz mintzatzean, hobetzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Gernikan Winter Series jokatzen ari diren pilotariak berotuta daudenez, hau amaitu eta segidan Floridara eraman eta hango zale guztien aurrean jokatzea ideia ona izan zitekeela ondorioztatu genuen», adierazi dio Buenok NAIZi.

Gainera, Daniako pilotalekuan jokatzen ari den denboraldiarekin ere lotura izango du, bertako aurrelari eta atzelari onenak zuzenean sailkatuko baitira ‘Biscayne Cup’ masterra jokatzera. Euskal Herritik beste hiru bikote joango dira eta astebeteren buruan, bi finalerdi eta final batekin, osatuko da torneoa.

«Nire lehentasuna da aukerak ematea gazteei, hazten jarraitzeko eta beraien ibilbidea osatzen joateko aukerak ematea. Horrelako txapelketa bat jokatzeko okasioa edukitzeak, ezinbestean hobetzeko aukerak ematen dizkie», onartu du Buenok. Bide beretik, Iñaki Osa Goikoetxeak nabarmendu du Gernika Winter Serieseko lehen ediziotik aurtengora, batez besteko adina zortzi urte txikitu dela. «Aldaketa agerikoa da. Atzo, Urrutia eta Basque sailkatu ziren finalerdieatara; aurreko astean, Urreisti eta Gorka, partidarik galdu gabe... Aurpegi berriak ari dira sartzen eta hori kirolarentzat albiste ona da», azpimarratu nahi izan du.

Beste berritasun batzuk

Astearte honetan albistea handia, noski, ligak Floridara emango duen jauzia izan da baina berritasunak ez dira horretan soilik geratu. Osa Goikoetxeak onartu legez, liga hazten doa urtez urte. Lehen edizioak lau txapelketa barnebildu zituen (guztiak Slamak: Winter Series, Gant D'Or, Pau Cup eta Cesta All Star) eta iazkoak, guztira, hamairu izan zituen: zortzi Slam eta bost Master.

Bada, hirugarren edizio honetan, Slamak egonkortu egingo dira (Bilboko Iron Cup ETBk emango du zuzenean), Masterrak hirukoiztu egingo dira (17 izango dira orotara) eta bost Series edo sailkapen proba jokatuko dira. Alegia, 31 txapelketa jokatuko dira 12 egoitza ezberdinetan: Donibane Lohizune, Biarritz, Mutriku, Zumaia, Mutriku, Bilbo, Gernika, Durango, Markina-Xemein, Lekeitio, Gasteiz, Pau eta Dania.

Honekin batera, ranking-ean puntuatzeko sisteman ere aldaketa txiki bat iragarri dute. Aurreko edizioetan ez bezala, pilotari bakoitzari gehienezko txapelketa kopuru bat ezarriko zaio, sailkapena proportzionalagoa izan asmoz. Pilotari bakoitzak, gehienez ere sei Slam eta zortzi Masterretako puntuak batu ahal izango ditu –nahiz eta proba gehiagotan lehiatzeko aukera eduki–.

Aldaketak Cesta All Star txapelketan

Donibane Lohizuneko Cesta All Star txapelketak bere formatua aldatuko du aurtengo denboraldian. Partidak beharrean, kiniela formatuan lehiatuko da. 20 pilotari lehiatuko dira, bi multzotan banatuta eta bikoten aldatzen joango dira. Ondoren, lau bikote onenek finala jokatuko dute, hau ere kiniela formatuan.

Gernikako Winter Series txapelketa entzutetsua martxan dagoen bitartean, jokatu da baita ere Biarritzeko Open Masterra, Jai Alai Ligarako puntuagarria den lehen txapelketa. Johan eta Gorka Sorozabal anaiak gailendu dira, Bixente eta Basquen aurka finala irabazita. Bestalde, datozen hiru ostiraletan, Paueko Cesta de Nadau Masterra jokatuko da, bere hamasbogarren edizioan.

JAI ALAI LIGAKO TXAPELKETAK

Open International Biarritz (Masterra) - urriak 23tik 30era
Gernika Winter Series (Slam) - urriaren 28tik otsailaren 16ra
Cesta de Nadau (Masterra) - abenduaren 6tik 20ra
Biscayne Cup (Masterra) - otsailaren 20tik 22ra
Araba Euskaraz (Masterra) - martxoaren 7tik 21era
Lekeitioko Master Series (Masterra) - apirilaren 12tik 19ra
Zumaiako Master Series (Masterra) - apirilaren 14tik 28ra
Bilbao Iron Cup (Slam) - maiatzaren 2tik ekainaren 6ra
Markina-Xemein Grand Slam (Slam) - ekainaren 13tik uztailaren 13ra
Internationaux Cesta Punta (Slam) - uztailaren 3tik abuztuaren 26ra
Urrezko Xistera biarritz (Slam) - uztailaren 7tik abuztuaren 20ra
Pau Cup (Slam) - uztailaren 11tik irailaren 5era
Gernika Grand Slam (Slam) - uztailaren 19tik abuztuaren 16ra
4 Master Internationaux - uztaila eta abuztuan
4 Master Biarritz - uztaila eta abuztuan
2 Master Pau Cup - uztaila eta abuztua

FINAL FOUR (urrian): sailkapeneko pilotari onenek Ligako titulua lehiatuko dute Durangoko Ezkurdi pilotalekuan.