Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskara, gizartea eta Euskal Herria ardatz hartuta

Etorkizuneko Artefaktuaren liburua Durangoko Azokan salgai izango da egunotan. Hori dela eta, Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak bertan idatzi duen artikulua ekarri dugu hona. Gure komunikazio proiektuaren geroa marrazten du izendatu berri den Urkirik.

NAIZeko Bilboko egoitzaren inaugurazioan hartu zuen jendaurrean kargua Ane Urkirik.
NAIZeko Bilboko egoitzaren inaugurazioan hartu zuen jendaurrean kargua Ane Urkirik. (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Bizitakoaren kontakizuna egitea samurragoa da; nekezagoa, aldiz, egin nahi den hori azaldu eta proiektatzea. Proiektatzearen eta proiektuaren arteko aldea akzioan dago, pentsamenduak egitatera eramatean. Gizarte baten sugarra pizteko helburua beharko lukete hedabideek, gizartea mugimenduan jartzeko xedea. Horren testigua tinko hartuta sortu zen ‘Egin’ 1977an eta honen itxieraren amorruz eta injustiziaz bustita jaio zen GARA, 1999an.

Artefaktuaren memoria ariketa ez da kasualitatea izan, aurrera jauzia egiteko ezinbestekoa baita atzera begiratzea. Soilik horretarako da errentagarria nostalgia, atzean gehiegi iltzatzeak mugiezin bihurtu gaitzakeelako. Hain zuzen ere, kazetaritza ezin daiteke mugiezina izan, honen funtsa baita gizartera egokitzea, gizarteak eskaintzen dituen baliabideak xurgatzea eta hauekin proiektua aberastea.

Duela 12 urte sortu zen NAIZ, munduaren transformazio digitalean leku bat egin nahian. Kazetaritza zorrotzak han eta hemen egon behar duelako, ahalik eta gehien eragiteko, erremintak boteretsuen eskuetan soilik eror ez daitezen. Aurrez aurre lehiatu beharra dago.

Agerikoa da internetek gure proiektuak eragiteko gaitasuna handitzen duela. Eragiteko gaitasuna denbora luze batez papereko produktuei lotuta egon da, eta esan beharra dago egunkarien eragin esparruak nahiko finkoak izan direla denbora horretan guztian. Internet beste errealitate batzuk sortzen ari da, eta gure posizioa hobetzen joan da errealitate berri horietan, orain arteko muga batzuk apurtu ditugulako. Horren zantzuak azaldu dira NAIZen, eta NAIZ Irratiarekin, transmedia eredu batera ere egin dugu igeri.

Igeriketa saio hau, noski, arnasa luzekoa da, une oro egoera anitzetara egokitzen joateko ahalmena lasterketaren muina izango da. Euskal hedabideen artean, harpidetza sisteman aitzindari izan zen NAIZ, kalitatezko kazetaritzari, izan paperean edo interneten, balioa eman asmoz. Orain, urrats gehiago egin beharra eta proiektuaren muinak birdefinitu beharra dago.

Lehen lerroa euskara izango da. NAIZ Irratiaren sorrerarekin –Info7ren legatua hartuta–, euskarak beste dimentsio bat hartu du gure proiektuetan, oro har, eta datozen hilabeteetan beste urrats bat egingo dugu, itzultzaile neuronal bat garatu eta, honekin, albiste guztiak euskaraz irakurtzeko aukera zabalduko baitugu. Gizartearen eraldaketa horren barnean, aipatu egokitzearen ekintza bat da, duela 25 urteko –edota duela 47 urteko– gizartearen profilak ez baitauka gaur egungoaren antzekotasunik, hein handi batean; urte luzez euskara zokoratuta egon zela sortu baitzen ‘Egin’ eta horren albo-kalteak sufritzetik baitzetorren 1999ko irakurlegoa.

Egoera berriak sortuko dira datozen urteetan, eta horietarako ere prestatu behar dugu gure burua. Iparra galdu gabe


Orain, gizartearen gehiengoa gai da euskarazko testu bat ulertzeko, baina, era berean, kontziente gara gure hizkuntzak pairatzen dituen sufrikario eta zailtasunez. Herri honen une oroko borroka da herri egiten gaituen hizkuntzaren defentsa. Euskal gizarteari zuzentzen gatzaizkion heinean, euskara gure proiektuaren funtsa izatea eztabaidaezina da.

Egoera berriak sortuko dira datozen urteetan, eta horietarako ere prestatu behar dugu gure burua. Dena dela, badira proiektu honen sorreratik dauden helburuak, ez baita iparra galdu behar.

Ongizatearen eta askatasunaren mesedetan, Euskal Herria eta euskal herritarrak burujabe izateko epe labur, erdi zein luzeko helburuak, ibilbideak eta urrats zehatzak babesten jarraituko du gure proiektuak, hala nola berdintasuna eta justizia soziala indartzeko proposamen eta egitasmoak.

Euskal Herrian pairatutako eta oraindik konpondu beharreko gatazkari erantzuteko eta etorkizun duin bat eraiki ahal izateko ideia nagusi bat ere defendatzen jarraituko du. Orain, gainera, bizkar gainean motxila astunik gabe dabil jardunean –sektorearen krisi enkistatuaz gain–, 15 urtean ordainketa etenaldian egon baitzen proiektua, aurrera begira jartzeko zailtasunez beteta, itxieraren arriskua bizkar atzean etengabe zegoela.

Hala, 2019an erabaki argi bat hartu zen: espoliazioari aurrez aurre begiratzea. 2003an –‘Egunkaria’ itxi zuen urte berean– Baltasar Garzonek ezarritako 3 milioi euroko zorra ordaindu eta ordura arte proiektua lotzen zuten kateetatik askatzen jarraitzea. Euskal Herriaren defentsan arituko zen proiektu komunikatiboa itotzea helburu zuen espoliaziotik salbatu eta modu duin batean porturatzea.

Latz jo zuen honek proiektuan, sei hilabetetik behin milioi erdi euroko ordainketak egin behar baitziren. Une gogor horiek nostalgiaz begiratzean, baina, indartuta atera zen proiektu bat bistaratzen dute, itsasargiz argiztatuta, kazetaritza serioan sinetsita, izan digitalean zein paperean. «Kondoi erabiliaren kazetaritzaren aroan, NAIZen albiste klikatuenak ia miraria dira», aipatzen zuen NAIZeko erredaktoreburu Ramon Solak. Gasteizko Legebiltzarrean agertu zen kondoiaren albisteez ‘click bait’-ekin aprobetxatu ziren hedabideen aurrean, NAIZen klikatuenak bestelako albisteak izan baitziren: Getxoko jauregiaren eraistea, Yaneli Gonzalezen hilketa matxista eta Donostiako Alde Zaharrean pilatzen diren turistek herritarrengan sortzen duten ezinegona jasotzen zituzten albisteak izan baitziren irakurrienak. ‘Digital-first’-en aroa ez baita –edo ez luke izan behar– kazetaritza arrosaren aroa.

Eta hori da proiektu honen beste funtsa: denboraz, pazientziaz eta baliabidez jositako albisteak garatzea, zorrotz jokatzea, heldulekua NAIZ dutela –honen ahalmena une oro eboluzionatzen ari baita–, eta hauen egitura paperezko argitalpenetara hedatuta (izan GARA, GAUR8 edo 7K) eta audientziak ardatz hartuta, gure herriari gure irakurleentzat garrantzitsuak diren gai horietan fokua jarri eta hauek garatzea, esparru anitzetan. Baita herri hau une oro mugimenduan egotea ahalbidetzen duten horiei ahotsa ematea ere: izan ekimen ezberdinetako kideak, politikariak, kirolariak, musikariak, artistak, idazleak, ikertzaileak… Euskal Herria herri egiten baitu komunitate osoak.

Herri honen historiaren zati bat laburbiltzen du Artefaktuak, eta ezinbestean, kezka bat ere azaleratzen da: zer gertatuko litzateke Euskal Herrian ‘Egin’ gabe? Eta GARA gabe? Eragiteko gaitasun hori da proiektu honetan mugiezina den elementua, zorroztasuna eta seriotasuna internetek eskaintzen dituen baliabide aldakorretara egokituta, euskara eta gizartea ardatz hartuta.