Ohi den bezala, urtearen amaieran, Errusiako Mendizale Federazioak gala berezia egiten du mendiko kiroletan nabarmendu direnak aitortzeko. Azken ekitaldia joan den azaroaren 30ean egin zen Moskun, eta zalantzarik gabe aurreratu dezakegu emakumezkoek protagonismo handia izan zutela. Batez ere, alpinismoko aitortzei dagokienez. Eta hori diogu, bi sari garrantzitsuenak, Urrezko Pioleta eta ‘Altzairuzko Aingerua’, neskez osatutako bi taldek jaso dituztelako. Lehenbiziko sariak nesken eta mutilen jarduerak jasotzen ditu; bigarrenak, aldiz, soilik emakumezkoek sinatutakoak.
Alexei Slotyuk presidentea izan zen gala horretan hitza hartu zuen lehena, eta adierazi zuen jatorria kontuan hartu gabe garrantzia duena mendia maitatzea dela. Eta, oro har, adierazpen horiek isla izan zuten sari batean. Hots, ‘Altzairuzko Aingerua’-n; izan ere, sariaren irabazleak esloveniarrak dira.
Ekitaldian zehar makina bat mendiko kirolari errusiar oholtza gainera igo ziren. Baina ohi den bezala, foku guztiak alpinismoko jarduera onenen sarietan jarri ziren. Frantzian antolatzen den Urrezko Pioleta ekimenak ez bezala, Errusiakoak soilik etxekoak aitortzen ditu. Eta hamazazpigarren edizioan hiru emakumek sari preziatu hori jaso zuten: Olga Lukashenko, Daria Seryupova eta Anastasia Kozlovak. Hiru protagonistetako bat, Lukashenko, iaz ‘Altzairuzko Aingerua’-rekin egin zen, eta bere beste bi kideak finalistak izan ziren. Baina aurten beste urrats bat egin eta sari potoloena eraman dute.
Argo eta Lalung I
Urrezko Pioletaren azken faseak zazpi eskalada jaso zituen. Eta batez ere biren artean garaipena jokoan egon da: aipatu dugun hirukote horrek Argon eta Ivan Temerfev eta Anton Kashvenik-ek 4810 mendian eginiko eskaladen artean.
Baina aurreratu dugun bezala, Lukashenko, Seyupova eta Kozlova gailendu dira eginiko igoeraren estiloa sariaren izpirituarekin bat datorrelako. Azaroaren 11n NAIZen aipatu genuenez, alpinistok Pamir mendilerroaren urrutiko mendietan bi ibilbide zabaldu zituzten. Lehen emakumezkoak ziren alderdi haietan. Argo mendiaren (4.750 m) iparraldeko hormatzarrean ibilbide luze eta oso gogorrarekin egin ziren: ED, 29 luze, 1.250 m, 7b, M5 eta A3. Oro har, 6a errusiar eskalan. Hori izan zen hiru asteko espedizioan eginiko jarduera azpimarragarriena. Bigarrena, Parus mendiaren (4.850 m) hego-mendebaldeko aurpegian izan zuten. Hau ere, luzea eta zaila: ED-, 28 luze, 1.460 m, 6c, M3 eta A2.
Aurreratu dugun bezala, bigarren sariak, ‘Altzairuzko Aingerua’-k, neskez osatutako nazioarteko taldeak soilik aitortzen ditu. Eta irabazleak Anja Petek eta Patricija Verdev esloveniarrak izan dira. Urriaren 27an NAIZen eta GARAn espedizio horren berri eman genuen: talde horrek Lalung I mendiaren (6.243 m, Indiako Himalaian) lehen igoera sinatu zuen.