Amara Berri osasun zentroan, Donostian, jaiegun eta asteburuetan ez dela dagoeneko zerbitzurik emango salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, Donostialdea Osasungintza Publikoaren Alde (DOPA) plataformak deituta. Antolatzaileek NAIZi nabarmendu diotenez, erantzun oso garrantitsua izan du deialdiak eguraldi kaxkarra eta jaizubi baten erdian gaudelarik kontuan hartuta.
Osakidetzaren zuzendaritzak erabaki duenez, Amara Berriko osasun etxeak ez du aurrerantzean jaiegun eta asteburuetan zerbitzurik eskainiko. Gauzak horrela, zentro honetara atxikirik dauden herritarrak Donostiako beste batzuetara bideratuko dituzte. Mobilizazioan parte hartu dutenen artean EH Bilduko Donostiako udal taldeko eledun Juan Karlos Izagirre izan da, medikua ogibidez.
Langileekin, erabiltzaleekin eta eragileekin hitz egin gabe murrizketei eustea ez da Osakidetzak duen arazoari irtenbide egoki eta adostua bilatzea. Kontrakoa baizik.
— Juan Karlos Izagirre (@JuankarIzagirre) December 7, 2024
Kalera atera gara berriro, gaur Amara Berrin, moduak eta erabakiak salatu eta neurri adostuak aldarrikatzeko. https://t.co/IlsjgIRNOi
Zerbitzuaren kalterako
Honek zerbitzuaren kaltea suposatuko duela nabarmendu dute gaurko kontzentrazioan. Ez soilik Amara Berriko biztanleentzat, arreta lortzeko beste auzoetara joan beharko direlako; auzo horietako zentroek ere egoera onean ez dauden osasun zentroek itxita daudenen gaixoei arreta egin beharko diotelako, egun duten lan gainkarga areagotuz.
Erabaki guzti hauek langileekin kontatu gabe hartu dituztela salatu dute kontzentrazioaren deitzaileek. Zentzu honetan, EAE mailan Osasun Itun bat lortzeko prozedura martxan dagoenean horrelako erabakiak hartzea gogor kritikatu dute.
Herritarrek ere ez dute informaziorik jaso. Izan ere, osasun zentroko langileek auzotarrei itxieraren berri emateko aginduak jaso dituzte. Hau da, konpartitzen ez duten erabaki baten berri eman behar diote itxiera pairatzen duten herritarrei.
ELA sindikatuak ere gogor kritikatu du Amara Berriko osasun zentroaren itxiera.