Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Badirudi Osasuna dela Alavesen mamu gorria

Igande honetan derbia jokatuko dute Osasunak eta Alavesek Sadarren (18.30ean). Ligako sailkapenean bederatzi postuko aldea dagoen arren, gorritxoek eta babazorroek hiru partida daramatzate irabazi ezinik. Elkarren aurka gorenean jokatutako hamar partidetan, zortzi aldiz, Iruñeko taldea garaile.

Joan den denboraldian Osasunak eta Alavesek Sadarren jokatu zuten euskal derbiaren irudi bat.
Joan den denboraldian Osasunak eta Alavesek Sadarren jokatu zuten euskal derbiaren irudi bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Alavesen eta Osasunaren arteko aurrekariak gorritxoen aldekoak dira nabarmen: gorengo mailan jokatutako azken hamar partidetan, zortzi aldiz menderatu du Iruñeko taldeak Gasteizkoa. Behin bakarrik azpiratu du Alavesek Osasuna -2016-2017 denboraldian, Sadarren-, eta beste behin bana berdindu zuten Iruñean jokatutako lehian -2020-2021 sasoian-. Badirudi Osasuna dela Alavesen mamu gorria.

Bi euskal taldeen artean ligako sailkapenean bederatzi posturen aldea dagoen arren, garaipenaren bidera itzuli nahi dute biek ere. Batak zein besteak txapelketa erregularrean hiru partida daramatzate irabazi ezinik. Igande honetan elkarren aurka jokatuko dute Sadarren (18.30ean). Gorritxoek Europako postuetan jarraitu nahi dute; babazorroek, berriz, entrenatzaile aldaketarekin, jaitsiera postuetatik aldentzea dute xede.

Joan den ostegunean Eduardo Coudet Alaveseko entrenatzaile berriak ez zuen estreinako samurra izan, ezta gutxiago ere. Kopatik kanporatu zuen Deportiva Minera Bigarren Federazio mailako taldeak. Neurketa hark balio izan zuen ikusteko Coudetek taldeari ezarri nahi dion zigiluetako bat. Badirudi, hemendik aurrera Alavesek bi aurrelarirekin jokatuko duela.

Burua altxatu ezinik dabiltza babazorroak. Ligako azken bederatzi partidetatik zazpi galdu dituzte, eta horren eraginez, Luis Garcia Plaza entrenatzailea kargutik kendu zuten. Sailkapenean hamaseigarren postuan dira, hamalau punturekin, jaitsiera postuetatik puntu batera.

Jokalariei dagokienez, Abdel Abqar deialdira itzuli da, Kopako partidan lesionatuta egon ostean. Lehiaketa erregularrerako entrenatzaile argentinarrak Manu Sanchez berreskuratuko du, txartel pilaketaren ondorioz ligako azken partida ez baitzuen jokatu. Baliteke Kike Garcia aurrelariak hasieratik jokatzea, Kopako partidan aulkitik aterata egindako bi golei esker.

Vicente Moreno: «Futboleko festa»

Distira handirik egin gabe, Alavesek ez bezala, Osasunak lortu zuen Kopako kanporaketa gainditzea. Azken 10 minututan irauli zuten gorritxoek Ceutaren zelaian. Ligan, aldiz, azkenengo hiru partidetan ez du irabazterik lortu Iruñeko taldeak, baina kontuan hartu behar da Sevilla, Vila-real eta Real Madril izan dituela parean.

Sevillan lortutako berdinketak Osasunako jokalariak asebete zituen, Sanchez Pizjuanetik puntuak biltzea ez baita inoiz lantegi erraza. Vicente Morenoren gidaritzapean, gorritxoak zazpigarren dira sailkapenean, 23 punturekin, laugarren postutik sei puntura.

Morenok prentsaurrekoan adierazi du taldea «ondo» iristen dela Alavesen aurkako derbira: «Kopako partidan aldaketa asko egin genituen hamaikakoan, pentsatuz aste batean hiru partida jokatu behar genituela, eta hirurak ere, irabazi behar genituela».

Horrez gain, Osasunako entrenatzaileak adierazi du egun gutxi izan dituztela Alavesen aurkako partida prestatzeko, baina, baita haiek ere: «Alavesek aurrez egin duenaren harira, balorazio gutxi egin daitezke. Aurkariak errespetatu behar dira. Partida lehiatua izango da. Ez dago zalantzarik haiek estu ailegatuko direla. Aldaketa batetik datoz, Kopako partida galtzetik, eta horrek asko estutzen zaitu, eta taldearen exijentzia handituko da ziur».

Derbiaren inguruan, Morenok nabarmendu du «futboleko festa» bat izatea nahi duela, baina festa hori «irabazi nahi» duela. Ante Budimir taldeko izarra izaten ari da. Kroaziarrak bederatzi gol egin ditu eta goleatzaile nagusien taulan bigarren postuan dago, Robert Lewandowski Bartzelonako aurrelariaren atzetik.