Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal pentsamendua sortzen dutenez, sortu beharko luketenez, eragiten dionaz eta abarrez, DAn

Jakinek argitaratu berri duen ‘Jakin beharreko 222 esaldi’ liburuaren harira, euskarazko pentsamenduaz hausnartu dute Maialen Akizuk, Ibai Atutxak eta Mariluz Estebanek. Lorea Agirrek botatako galderei nork bere diziplinatik erantzun diete Durangoko Azokan antolatutako mahai-inguruan.

Lorea Agirre, Maialen Akizu, Ibai Atutxa eta Mariluz Esteban, Talaia espazioan.
Lorea Agirre, Maialen Akizu, Ibai Atutxa eta Mariluz Esteban, Talaia espazioan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Jakin beharreko 222 esaldi’, «jakin-jakin, agian, ez direnak jakin behar», Lorea Agirreren hitzetan, baina kontsultatzeko modukoak badirenak. «Bada lagin bat esateko, hau ere egin dugu, hau ere bagara», azaldu du Agirrek. Jakin aldizkariko zuzendariak egin ditu moderatzaile lanak Durangoko Azokako Talaia gunean antolatu duten ‘Dabilen pentsamendua’ mahai-inguruan. Nork bere jakintza arlotik heldu diote gaiari Maialen Akizuk, Ibai Atutxak eta Mariluz Estebanek.

Akizu soziologoa da eta doktoretza egiten ari da, halaber, Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta bertsolaria ere bada. Atutxa doktorea da Komunikazioan eta Kultura Ikasketetan, eta teoria kritikoan eta menderakuntza harremanetan da aditua. Esteban EHUko ikerlari eta irakaslea da, eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego Programako arduraduna izan da.

Pentsalariak hirurak, euskal pentsamenduaz hausnartu dute, «nondik gatozen, zein baldintzapen eta indargune dakartzan euskaraz eta euskaratik pentsamendu bat sortzeak, nork pentsa lezakeen eta nork ez, eta non den zilegi pentsatzea eta non ez, egun zein auzi ditugun esku artean eta nondik pentsatu behar ditugun...».

«Barbarizazioa» kontzeptuaren ingurukoa da Atutxak argitaratu duen azken lana eta, hain zuzen ere, fenomeno horrek euskal pentsamenduan duen eraginaz galdetu dio Agirrek. Atutxak azaldu du «barbarizazioa» badela «oinarri materialak eta ondorio materialak» dituen diskurtso bat. Adituaren aburuz, «erregimen bat da» eta izendapen multzo bat biltzen du, hala nola, «aborigen, terrorista, primitibo...», diskurtso jakin batzuk eraikitzeko erabiltzen dena, sarri, euskara «aitzakia» gisa hartuta.

Gaineratu du euskaraz sortzen den pentsamendua «estali» egiten dela eta, horren ondorioz, «ignorantzia produzitzen da estrukturalki»: «Barbarizazioz estaltzen dira euskaraz sortutako pentsamenduak, baina erantzun biolentoak gugana heltzen dira». Argi adierazi du Atutxak horri aurre egiteko jarraitu beharreko bidea: «Ignorantziaren produkzio horri aurre egitea».

Akizuk azpimarratu du transmisioaz «talkatik» beharrean «kezkatik» aritzea «kulturgintza sortzeko politika publikoen falta nabarmen» baten isla dela

Agirrek euskal pentsamenduari emakumeek eta feminismoak egiten dioten ekarpenaz itaundu du Esteban. Puntuka laburbildu ditu; haietan lehena, feminismoak euskal gizartearen analisia egin izana, feminismoak mahai gainean jarri baitu gurean ere «genero desberdintasunak eta desberdinkeriak» daudela, «horren inguruan kontzientziazioa eta teorizazioa ekarri du».

Era berean, «tradizioen etengabeko berrikuspena», euskarak eta euskal gizarteak horren berezko dituen «dikotomiekin» kritiko izatea eta metodo «askoz ere horizontalagoa» erabiltzea ere ekarpen bezala azpimarratu ditu.

Kezkatik talkara

Bakoitzari bere arloaz galdetu dio Agirrek, horrela, Akizu bertsolaria izaki, euskal pentsamenduaren transmisioa bermatuta ez egoteak kultur sortzailetzan duen eraginaz galdegin dio. Akizuk azpimarra egin nahi izan du planteamenduan bertan, uste baitu transmisioaz «talkatik» beharrean «kezkatik» aritzea «kulturgintza sortzeko politika publikoen falta nabarmen» baten isla dela.

Horrela, adierazi du kezkatuago dagoela «kultur esperientziak bizitzeko dagoen espazio faltagatik». Halaber, «geometria berrien» beharra mahai gainean jarri du eta azaldu du transmisioa, «beharra izateaz gain, talka eta gatazka ere» badela.

Atutxak euskal pentsalarien arteko konexio faltan datzan arazoa azpimarratu du, izan ere, uste du «alboan» daudela, eta ez «batera». Finean, «kolektibotik pentsatzeko zailtasunak» identifikatzen ditu

Izan ere, Akizuri deigarria iruditzen zaio euskaraz sortzen den saiakera kopurua, fikziozko lanekin alderatuta ehunekoa askoz ere baxuagoa baita, eta, gehienbat, kazetariek idazten dituzte, neurri askoz ere txikiagoan beste diziplina batzuetako adituek.

Non bai eta non ez pentsatu

«Pentsatu behar da zein prozedura erabiltzen ditugun euskal pentsamenduaz hitz egiteko, ez bakarrik sortzen duten eragileengan», adierazi du Estebanek, pentsatzeko espazioez galdetuta. Izan ere, uste du pentsamendua askotarikoa izan dadin, hura bideratzeko prozedura berriak asmatu beharra dagoela.

Atutxak euskal pentsalarien arteko konexio faltan datzan arazoa azpimarratu du, izan ere, uste du «alboan» daudela, eta ez «batera». Finean, «kolektibotik pentsatzeko zailtasunak» identifikatzen ditu.

Akizuren aburuz, pentsamendua ez da soilik unibertsitatearen esparruan ematen: «Erakunde eta talde desberdinak daude pentsamendua garatzeko». Halaber, uste du «unibertsitatearen pentsamendu hori ez dela iristen herrira».

Gaur egungo ardatzak zehazteko eskatu die Agirrek solasaldia bukatzeko eta nork bere alorretik jo du. Horrela, Estebanek «gorputza eta hizkuntza» azpimarratu ditu, Atutxak «Igartza Saria, Elkar eta CAF» aipatu ditu, Palestinako genozidioarekin lotuta, eta Akizuk kideen hitzak bere egin eta «hezkuntzaz herri bezala» pentsatzeko beharra nabarmendu du.