NAIZ

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi ‘Maspalomas’ pelikula filmatzen hasi dira

Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik euren seigarren pelikularen filmaketa abiatu dute. Aurreratu dutenez, ‘Maspalomas’ Euskal Herrian eta Kanariar Uharteetan filmatuko da eta Vicenteren istorioa izango du abiapuntu, adinekoen egoitza batera iristean bere homosexualitatea ezkutatuko duen egoiliarra.

Arregi, Goenaga eta Garaño, Donostian.
Arregi, Goenaga eta Garaño, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Moriarti ekoiztetxeak ‘Maspalomas’ pelikularen filmaketa abiatu duela iragarri berri du. Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi ari dira filmaren zuzendaritza lanetan eta euren seigarren film luzea izango da. Euskal Herrian eta Kanariar Uharteetan ari dira filmatzen.

Irusoin, Moriarti eta Maspalomas pelikula AIE taldea daude proiektuaren atzean eta Jose Mari Goenagak idatzitako gidoia du abiapuntutzat: Vicenteren istorioa kontatzen du, adineko pertsonen egoitza batean sartzen dutenean bere homosexualitatea ezkutatuko duen adinekoa.

«‘Maspalomas’ filmak konfinamentu psikologikoen (eta fisikoen) eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa egin nahi duen filma da», azaldu du Goenagak.

Filmaketa orain bi aste abiatu zen Euskal Herrian eta Kanariar Uharteetan eta parte hartuko duten antzezleen artean daude Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti.

Goenagak eta Arregik Jon Garañorekin batera sortu zuten Moriarti ekoiztetxearen lan berria izango da ‘Maspalomas’. Azken urteetan industriaren eta publiko orokorraren onarpena lortu duten hainbat dokumental eta film luze ekoitzi dituzte, horien artean ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘La trinchera infinita’ eta ‘Marco’.

Nazioarteko zinema jaialdietan hainbat sari eskuratu dituzte eta bi aldiz izan dute Oscar sarietan atzerriko filme onenaren hautagai izateko aukera.

Orain arteko ibilbideagatik, urtarrilaren 20an Donostiako Urrezko Danborra jasoko dute.