Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Garai kolonialean arpilatutako ondasun kulturalak

DAHOMEY
Senegal, 2024. 67’. Zuzendaritza eta gidoia: Mati Diop. Musika: Wally Badarou, Dean Blunt. Argazkia: Josephine Drouin Viallard.

‘Dahomey’ dokumentaleko une bat.
‘Dahomey’ dokumentaleko une bat. (Les Films du Losange)

Mati Diop zinemagileak zuzendutako ‘Dahomey’ dokumentalak garai kolonialean arpilatutako ondasun kulturalen itzulera aztertzen du. 1892an Estatu frentseseko tropa kolonialek lapurtu zituzten Dahomeyko Erresumako (egungo Benin) 26 objektu ditu ardatz filmak. Objektu hauek, Glele eta Behanzin bezalako erregeen tronuak eta estatuak barne, Parisetik Beninera itzuli ziren duela gutxi.

2024ko Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea, lirismoa eta politika uztartzen dituen dokumentala da; ekarpen esanguratsua egiten dio zinema afrikar garaikideari. Memoria historikoa, nortasun nazionala eta kolonialismoaren inplikazioak jorratzen ditu, besteak beste.

Narratiba poetiko bat erabiltzen du dokumentalak, itzulitako estatua baten perspektiba barne, irudiak, off-eko ahotsa eta Abomey-Calaviko Unibertsitatean egindako eztabaidak uztartuz.

Mati Diop

Aktore eta zuzendari frantziar-senegaldarra da. 2019ko Canneseko Nazioarteko Zinemaldian Urrezko Palmondoa lortzeko lehiatu zen lehen zinemagile afrikarra izan zen, ‘Atlantics’ filmarekin.

Diopek, sentsibilitate poetiko eta bisualean indar berezia jarriz, identitatea, kolonialismoa, afrikar diaspora eta gaur egungo gizarte erronkak aztertzen ditu sarritan. Nazioarteko zinemagintzan oso figura nabarmena da, Afrikako istorioak ikuspegi intimo eta unibertsal batetik kontatzeko duen gaitasunagatik goraipatua.