Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Alaia Martinek irabazi du Illunben partxisean

Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi igaro dira buruz burukora, saioaren lehen zatian puntu gehien batu dituztenak. 2015eko buruz burukoa errepikatu da, baina oraingoan Martin gailendu da. Saiotik goitik hasi du eta goitik jarraitu, finala brodatu egin du oiartzuarrak.

Alaia Martin, irabazlearen txapela buruan, finaleko agurra abesten.
Alaia Martin, irabazlearen txapela buruan, finaleko agurra abesten. (Jon URBE | FOKU)

Arratsaldeko lehen ofiziotik erakutsi du Alaia Martin oiartzuarrak finalean arrasto propioa utziko zuela. Gairik grisenari argi propioa emateko duen gaitasuna erakutsi du. Buruz burukoa Beñat Gaztelumendik eta biek jokatu dute. Bi bertsolari eta lagun handi ikusi ditugu Illunbeko borobilean partxisean.

Horrela hasi dute buruz-burukoa, seme-alabekin partxisean ari ziren gurasoen azaletik. Martinek irabazten utzi ohi zien etxeko txikiei. Gaztelumendik, ez. Eta jolasean hasi dira, haurrak zirenetik elkarren ondoan bertsoz egin duten moduan. Eta finaleko klabe zenbait bota dituzte, erdi txantxa erdi egi. «...irabaztera ohituta zaude ta behingoz besteoi utzi», bota dio Martinek. Eta Gaztelumendik, «...nik irabazten ezin dut utzi zuek gailendu zaitezte». Eta horixe egin du Martinek, gailendu. Arratsaldeko lehen unetik asmatu du Illunbeko olatua goitik hartzen, distira egiten, gaiak berera makurrarazten. Txapelketa bikaina egin du oiartzuarrak eta finala parekoa, aparta. Lurretik baino gora, hegan.

Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Alaia Martini eta argazki esanguratsua osatu dute. Bi sortzaile bertsogintzaren bidean tarte desberdinak ibili dituztenak

Txapela buruan, laguntasunaren aldarria, erdi kantuan erdi errezitatzen. «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu/ badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu/ entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu/ eta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku/ mendeko hitza bilakatu den hontan mendeku/ disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu/ egon gaitezen lagunekin hauskor eta inperfektu/ elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu».

Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Alaia Martini. Jon URBE | FOKU

Arantzazu Loidik jantzi dio txapela eta argazki esanguratsua osatu du bi bertsolarien arteko besarkadak. Bi sortzaile bertsogintzaren bidean tarte desberdinak ibili dituztenak. Loidi hasi zenean erabat ezohikoa zen emakume bat jendaurrekoan plazan ikustea. Gaur argazkia bestelakoa izan da. Egia esan Illunbeko plazak gauza asko kontatu ditu, bai oholtzan eta bai oholtzatik behera. Adin eta kolore anitzeko bertsozaleek osatu duten mosaikoak erakutsi du zenbateko bidea egin duen bertsogintzak. Bertsolarien aldarriek kontatu dute oraindik zenbat dagoen egiteko.

Buruz burukoa errepikatu da

2015eko txapelketako buruz burukoa errepikatu da. Ordurako Martinek arrasto sakonak utziak zituen oholtzan, garbi zegoen txapelerantza zihoala. Gaztelumendik ere perla propioak utziak zituen, baina gai batzuetan egokitutako tokiek distira eragotzi diote. Buruz burukoa aise josi dute, parez pare. Ordurako Martinek tartea atera dio puntutan, saioaren lehen partean puntuazio onena lortu baitu ariketa guztietan.

Buruz burukora Alaia Martin 34,5 puntu gainetik sartu da. Eta bada beste datu bat, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaranen artean puntu erdia zegoen buruz burukoarekin aurretik. Alegia, puntu erdi horrek eman dio añorgarrari azken gailurrerako sarrera.

Azkenean, Beñat Gaztelumendi, txapeldunorde, eta pozean txapeldun Martinen txapelarekin. Bukaeran kantatu duenez, «Zorionak ta biba Alaia berriz ere paregabe/ aspaldidanik zinen txapeldun ta gaur txapelaren jabe/ agur Illunbe nere bizitzan nolako bost arratsalde/ ta ez garenez giden atzetik doan turisten artalde/ zuek betetzen zenituztenok Aurresku eta Rekalde/ kalean jana banatzen jardun ohi zaretenak debalde/ segi lanean auzorik auzo ta sukalderik sukalde/ askok ikusi nahi ez luketen Donostia horren alde». Behin baino gehiagotan egin du añorgarrak postaletan ikusten ez den Donostiaren aldeko oihua.  

Hirugarrena, Oihana Iguaran, benetan final ederra josita. Ariketa guztietan ondo. Buruz burukora pasatzeko zorian egon da. Merezi du nabarmentzea Aner Euzkitzek eta biek hamarreko txikian egin duten ariketa. Hitanoz josi dute ofizioa, formaz bikain eta edukiz berdin. Tren geltokian, bertako segurtasun langileen euskarafobia jasan behar izan dute. «...euskaraz nahi diñagu hala zor delako/ trena joan egingo dun hau konpontzerako», hasi da Euzkitze.  Eta, Iguaranek, «...elkar ukatzen duten aukerak akaso / euskaraz egin edo zerbitzua jaso».  Eta hortik gora eta gora ekarri dute ofizioa. Benetako erakustaldia egin dute biek.

Bertsokideak pozik Martinen txapelarekin. Jon URBE | FOKU

Laugarrena, Ane Labaka. Finalerdi eztabaidaezin batekin egin zuen salto finalera eta larunbat honetan sendo erakutsi du zer nolako bertsolari puska den. Ganbarakoan sekulako lana sinatu du. Hauxe zuen gaia: Kazetaria zara. 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaur egin duzun elkarrizketa eta gero oilo-ipurdia jarri zaizu. «...nahastu ote gera munduz/ malko bat hiru segunduz/ emakumea mintzatu baitzait eta ez itzulinguruz/ erditze gelan jasan daiteken biolentziari buruz». Horixe ekarri du oholtzara, erditzeetan gertatu daitekeen bortizkeria.

Gero Oihana Iguaranek ere gai bera ekarri du ganbarakoan, nahiz eta gaia beste bat izan, ikerlari baten azaletik hain justu. Esanguratsua. Emakumeen presentzia eta gaien aukeraketa, kasualitatea baino kausalitatea.  

25 bost urtetik beherako saria

Bi hautagai zituen arratsaldeko bigarren sariak: Rekondo eta Euzkitze.

Zozketak elkarren ondoan eseri ditu eta halaxe hasi dute finala, elkarlanean libreko lehen ariketan. Eta lehen olatua altxatu dute, harro. Begitantzen zen polita izango zela jokoa. Azkenean, Aner Euzkitze bosgarren. Benetan saio ona josi du, asmatu du plaza astintzen eta gozatu izanaren irria sumatu zaio.

Hogeita bost urtetik beherako bertsolari onenaren saria Aner Euzkitzek eraman du. Final ederra osatu du, nahi zuena esateko eta plaza astintzeko aukera baliatu du

Patxi Goikoleak eman dio saria Aner Euzkitzeri. Jon URBE | FOKU

Seigarrena, Nerea Elustondo. Tarteka distiratsu, tarteka nahi baino gehiago sufritzen.Zortziko txikian Elustondok eta Euzkitzek benetan une bizia josi dute. Lagunak biak, Euzkitzek herriko merkatarien gabonetako saskirako dozena bat txartel erosi eta Elustondori oparitu dio bat. Eta hari tokatu saskia. «Bertan urdaiazpiko edota turroiak/ ardo eta pattarrak beltzak ta marroiak/ kexatzeko dituzu zure arrazoiak/ nahi baduzu zuretzat dira polboroiak», bota dio bigarrena Elustondok. Eta Euzkitzek, «Orduan polboroiak modu zilegian/ emango dizkidazu asmo zailegian/ ondo sartuko ditut ahoan erdian/ ta eztula egingo dizut aurpegian».

Elustondok amaierako agurrean poz handi bat eman dio bertsozaleari, «...emakume helduen ahotsa entzute ez den honetan / ilea urdindu arte segiko det txapelketan».  

Zazpigarren Andoni Rekondo hernaniarra. Saioa goitik hasi du, gailur propioak piztu ditu.Zortziko txikian Iguaranekin batera aritu da. Kuadrillakoak biak, otordua egitera jatetxeren batera joan eta Rekondo beti kexan. «...nabari zen taberna ez zela elite/ patata bixiek e hilak dirudite», bota du halako batean hernaniarrak. Saioa aurrera joan ahala beheraxeago etorri da, baina pozik Illunbeko olatuan. Eta zortzigarrena Eneritz Artetxe, erori gabe, bertsotan bizi. Benetan bertso arratsalde ederra Illunbekoa. Borobila.

Finaleko sailkapena

1.    Alaia Martin     1099,5 puntu          
2.    Beñat Gaztelumendi      1054,5 puntu
3.    Oihana Iguaran      637 puntu
4.    Ane Labaka      626 puntu
5.    Aner Peritz      617 puntu
6.    Nerea Elustondo      590 puntu
7.    Andoni Rekondo      578,5 puntu
8.    Eneritz Artetxe      574,5 puntu