Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortutako programa da Fagor Herrigintza. Bazkideen bozak jasota astelehen honetan jakinarazi dute zein hiru proiekturi lagunduko dioten: Hiruatx Hirugarren Mundu Elkartearen ‘Plaka fotovoltaikoak Ghanako lanbide heziketako zentroan’ (60.000 euroko laguntza); Elorrioko Txintxirri Ikastolaren ‘Teilatu bizia, plaka fotovoltaikoak, ortua eta helduenen inklusioa’ (40.000 euroko laguntza); eta Ihitten elkartearen ‘Bullyingari galga ikus-entzunezkoa’ (20.000 euroko laguntza).
Ohi den moduan, 120.000 euro banatuko ditu Fagorrek «Euskal Herri hobe baten aldeko lanean ari diren hiru gizarte eragileren artean». Orotara 38 proiektu aurkeztu zirela jakinarazi dute, eta aurrez argitaratutako oinarrien araberako balorazioa eginda, bederatzi izan direla botoen fasera igaro direnak.
«Pozik egoteko moduko parte-hartzea izan da aurten ere. Esan daiteke Fagor Herrigintzarena egonkortzen ari den laguntza deialdia dela. Proiektu interesgarriak jaso dira. Gizarte eragileak gogor ari dira gizarte erronkei behar moduko erantzuna emateko lanean», azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
2022an sortu zen aipaturiko programa, eta haren bidez «Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea» ematea bultzatzen du Fagor Taldeak. Hirugarren aldia da aurtengoan, eta orain artean askotariko eragileek jaso dituzte lankidetza programaren laguntzak euren proiektuetarako: Zaporeak, Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa, Seaska ikastolen federazioa, Biolur, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Iñurri elkartea.