Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Epai batek arrazoia eman dio Ernairi Ertzaintzaren aurrean, isunak kenduz edo murriztuz

Ernaik auzitara eraman zuen Ertzaintza, 2023an Gasteizen eta Bilbon egindako protestengatik 133 gazteri neurriz kanpoko isunak jartzeagatik. Azaldu dutenez, lehen epai batean, gazte-antolakundearen eskariaren zati handi bat jasotzen da, Gasteizko isunak bertan behera utzita eta Bilbokoak murriztuta.

290.500 euroko isuna jaso zuten Ernaiko 133 kidek Aitor eta Galderren aldeko ekimen batengatik.
290.500 euroko isuna jaso zuten Ernaiko 133 kidek Aitor eta Galderren aldeko ekimen batengatik. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko Gasteizen eta Bilbon egindako bi protestengatik 133 gazteri ezarri zizkieten isunen desproportzioarengatik eta partzialtasunagatik Ertzaintza epaiketara eramatea erabaki zuen Ernaik. Isunen zenbatekoa 290.500 eurokoa zen, ezohiko zigorra protesta baketsuengatik, eta Ernaik bere aurkako operazio gisa salatu zuen.

Gai horri buruzko lehen epaiketa azaroaren 28an egin zen, eta neurri handi batean arrazoia eman dio gazte erakundeari: NAIZek jakin ahal izan duenez, Gasteizko isunak baliogabetu ditu eta Bilbokoak nabarmen jaitsi ditu epaiak. 2.500etik 1.800era jeitsi ditu eta 900 euroko aurreordainkerako aukera ezartzen du. Hori horrela, administrazioak gazte horiei 350 euro itzuli beharko dizkie.

Zentzu horretan, proportziorik eza eta partzialtasuna egon zirela frogatzeko gazteen defentsak erabili zituen argudioak onartzen ditu epaiak, hein handi batean. Ondorioz, Ernaik uste du frogatuta geratu dela euskal gazte antolakundearen aurkako operazioa izan zela.

Epaiketa honetan 30 kasu aztertu ziren, eta beste 100 gazteren kasua oraindik epaitu gabe dago. Ebazpena errekurritu daiteke.

Ostegun honetan prentsaurrekoa emango du Ernaik, eta bertan epaiaren nondik norakoak eta gainerako epaiketetan jarraituko dituzten urratsak azalduko dituzte.

Aitorren eta Galderren espetxeratzearen aurka

Aipatu den bezala, guztira 290.500 eskatu dizkie Lakuako Segurtasun Sailak protestan parte hartu zuten 133 gazteei, bakoitzari 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak jarrita, Mozal Legea erabiliz.

2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten gazte gehienak identifikatu zituen Ertzaintzak, eta hilabete batzuk geroago heldu zitzaizkien isunak.

Ordutik egindako agerraldi eta mobilizazioetan argi adierazi du gazte antolakundeak jokabide «desproportzionatua eta arbitrarioa» dela, helburu nabarmen bati men egiten diona: «Ernai ekonomikoki itoz, politikoki desagerraraztea».