2023ko irailean Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko Gasteizen eta Bilbon egin ziren mobilizazioetan parte hartu zuten gazte antolakundeko 133 kidek jasotako isunen aurkako helegiteen lehen ebazpenak ezagutu ziren asteazken honetan. Sententziak Gasteizko ekimenean desordena publikorik egon ez zela dio, isunak bertan behera geratuz. Bilboko kasuan berriz, isunaren desproportzionalitatea jartzen da erdigunean, eta isunen zenbatekoa jaisten du. Honen balorazioa egin dute ostegun goiz honetan Maddi Bilbao abokatuak eta Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak.
Abokatuak gogoratu duenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 4 epaitegi independiente aztertzen ari dira gazte antolakundeak aurkeztutako helegiteak. Horietako batek, Auzien 4. zenbakiko Epaitegiak, lehenengo bi sententziak igorri ditu. Batak Gasteizko ekitaldian egondako 12 kideri eragiten die, eta besteak Bilbokoan egondako 19 kideri.
«Ertzaintzaren errelatoaren kontraesanak azaleratu genituen, eta sententzian horrela jaso da»
Gasteizeko gertakariak aztertzen dituen sententzian, Ernaik jarritako helegitea baieztatzen da guztiz eta Segurtasuna Saila zigortzen da isunagatik jasotako dirua bueltatzera. Hala, Bilbaok azaldu duenez, hiru ondorio nagusi jasotzen dira: «Ez zela desordena publikorik egon; are eta gutxiago horiek larriak izan zirenik; eta administrazioak inondik inora ez duela frogatu mobilizazio horretan parte hartu zuten pertsonek gainontzeko herritarren segurtasuna arriskuan jarri zutenik». Izan ere, Segurtasun Sailak isuna jartzeko arrazoiak «frogatu ez dituela» nabarmendu du abokatuak.
«Azpimarratzekoa da, guk gauzatutako frogabideen bitartez Ertzaintzaren errelatoa ezbaian gelditu zela. Are eta, nabarmenagoa izan zen hau, haien deklarazioetan egondako kontraesanak azaleratu genituenean, eta sententzian horrela jaso da. Guk defendatutako argudioekin bat eginez, epaileak adierazi du sententzian egun horretan Gasteizen Ertzaintzak gauzatu zuen operazio poliziala justifikatu gabea zela eta gainera, operazio horien ondorioak isundutako pertsonei egotzi nahi izan dizkiotela», azaldu du.
Bilboko kasuan, ordea, sententziak Ernaik jarritako errekurtsoaren estimazio partzial bat jasotzen du. «Kasu honetan, mobilizazioak eragindako errepide mozketagatik, epaileak ulertzen du desordena publiko larriak egon zirela. Baina, kasu honetan ere, administrazioaren partetik kontraesanak eta froga gabeziak egon direla adieraztea lortu dugu. Hau horrela izan da, epaiketan bertan bistaratu ahal izan genituen ikus-entzuneko frogengatik eta lekukoek adierazitakoagatik», azaldu du Bilbaok.
Ondorioz, Bilboko mobilizazioan parte hartu zuten kide bakoitzari ezarritako 2.500 euroko isuna 1.800era jaisten du eta administrazioari diru kantitate bat itzultzeko zigorra ezartzen dio. 900 euroko aurreordainketarako aukera ematen du.
Hala ere, epaileak egindako desordena publikoaren inguruko interpretazioarekin ez daude ados eta horretarako, «frogabide eta argudio juridiko sendoak» dituztela uste du abokatuak. Izan ere, sententziak EAEko Justizia Auzitegiaren aurrean errekurritzeko aukera dago.
«Noiz arte?»
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak antolakundearen aurka operazio bat abian dagoela ulertzeko «elementu ezinbestekotzat» jo du epaia, «Segurtasun Sailak erabilitako desproportzionalitate eta arbitrarietatea frogatzea baitu».
«Noiz arte jarraituko du administrazio publikoak jardun hau izaten? Noiz arte baimenduko dugu jardunbide hau? Zein berme jarriko ditu aurrerantzean gisa honetako egoerak errepikatu ez daitezen?», galdetu du Egurrolak.
Izan ere, gazteen independentisten aurkako isuna ez direla «ausaz izan» nabarmendu du. «Eusko Jaurlaritzaren erabaki politiko bat izan dira. Ernai zein gure proiektua deserosoa zaie. Eta oraindik deserosoagoa zaie independentziaren alde lerratzen garen eta antolatzen garen gazteak geroz eta gehiago izatea. Aurrera goaz, eta horren beldur dira», gehitu du.
Epaitegiak, beste borroka eremu
Kalean epai hauek salatzeko dinamika abiatu duen arren, epaitegiak beste borroka eremu bat direla baieztatu du Egurrolak, eta «horietan administrazio publikoak eta konkretuki segurtasun sailak egindako jardun desegokia salatu behar direla» azpimarratu du: «Alde batetik, jardunbide honek bestelako herri mugimenduentzat aurrekari bat suposatu ez dezan; eta bestetik gazteria independentistaren aurkako operazioa geratzeko».
Prozesu judiziala ez da amaitu. Azaldu bezala, administrazioarekiko auzietako laugarren salaren epaiketaren sententzia da hau, eta beste hiru falta dira. Dena den, lehen epaiketa honen emaitza garrantzitsua dela adierazi du Ernaiko bozeramaileak.