Behinola BSH taldearen Ufesa izan zen SDA Factory lantegia, Gasteizen, itxi egingo dute. Hala jakinarazi zieten 55 langileei asteartean, Ezkirotzen dagoen BSHren plantarik handienarekin gauza bera gertatuko zela iragarri ostean.
Ostiral honetan elkarretaratzea egin dute Gasteizko langileek itxiera salatzeko eta enpresa bideragarria dela aldarrikatzeko. B&B Trends enpresa katalanarena da fabrika 2018tik, langileentzat «lantoki hau kudeatzen jakin ez duen putrea», BSH bezala.
Gogora ekarri dutenez, enpresa «punta-puntako zentroa» izan zen, Europa mailan «erreferentea» I+G-an, «baina azken bosturtekoan enpresa igaro duten multinazionalen diru goseak hondoratu egin du». Enpresa dagoen bezala egotearen arrazoia «horrela erabaki dutelako» dela gaineratu dute.
Deitoratu duten egoera hori duela lau urte hasi zen. Orduan, 2020an, 240 pertsona baino gehiagok lan egiten zuten etxetresnak ekoizten dituen fabrika honetan, beraz, plantilla 185 pertsonatan murriztu da. Gainera, B&B Trends-en jabeak «hasieratik langileon kontra egin» duela esan dute.
«Hainbeste borrokatu zen» hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEE) «amaigabeen» dinamika batean murgiltzea -lau urteko espedienteak, bost ABEE eta bi luzapenekin- leporatu diote multinazional katalanari.
Langileen egoerari buruzko kezka ere adierazi dute. Adin altuko pertsonak dira, langabezia prestazio guztia agortuta dutenak eta, emakumeen kasuan, zaintza lanak egiteagatik lan mundura beranduago sartu zirenak.
Fernando Mendiola enpresa batzordearen eta LAB sindikatuaren bozeramaileak mobilizazioan azaldu duenez, B&B Trends-i «operazio hau izugarri errentagarria atera zaio, nahiz eta une honetan kaudimen gabezia aipatzen duen eta hau guztia ordaintzeko gaitasunik ez duela dioen».
Administrazio publikoei ere dei egin die Mendiolak. Izan ere, I+G-an lan egiten duen inor ez dago duela urte eta erdi, azaldu du, baina enpresak horretara bideratzeko diru-laguntzak jasotzen jarraitu du. Hortaz, «espero dugu erakundeek azalpenak eskatzea enpresa pirata horri».
B&B Trendsen zuzendari exekutiboa eta jabekidea, Angel Riudalbas i Codina, FC Barcelonako zuzendarietako bat da, baita gailu medikoen, zisternen eta segurtasun zigiluen fabrikazioko enpresa banatako jabea ere. Mendiolak nabamendu duenez, «harreman onak ditu eta espero genuen azken labankada eman digu».
«Ez gara geldirik egongo»
«Pozoitutako gabonetako zorion agur» honen ostean, Mendiolaren hitzetan, informazio osatuagoa jasotzeko zain daude orain, baina, urtarriletik aurrera mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute langileek.
«Plantilla honek zerbait erakutsi badu, borrokatzeko duen gaitasuna da. Eta horretan jarraituko dugu amaierara arte, ez baikara geldirik egongo», jakinarazi dute, Ezkirotzeko fabrikako langileei «klase elkartasuna» adieraztearekin batera.