Ezkurdia eta Rezustak laugarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketaren ligaxkan, Labriten Peña II.a eta Albisu 22-14 menderatuta. Irabazleek askoz bikote sendoagoa osatzen dutela erakutsi dute, eta amaieran aurkariek tanto batzuk egin dituzten arren, Aspekoen nagusitasuna nabarmena izan da.
Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta une onean daude, kolpean txisparekin eta kantxan konfiantza handiarekin. Jokatutako lau partidak irabazi dituzte. Bi Jon Anderren egoera, aldiz, oso bestelakoa da: ez daude unerik onenean eta konfiantza falta hasieratik nabaritzen da. Gai dira tanto bikain bakanak jokatzeko, baina ez dute lortzen neurketa oso bat hasi eta buka maila onean jokatzea. Lautik lau galdu dituzte.
Gaurkoan ere hasieratik ikusi dira bi joerak. Gorriak 3-0 aurreratu dira lehen takadan, eta 7-2 bigarrenean. Ordurako Albisuk hiru pilota zituen galduak eta Ezkurdiak hiru erremate ikusgarri sinatuak. Atzelari ataundarrak pilotakada bikainak jo ditu hainbat tantotan, baina Peñak ezin zuen tantoa aurrean amaitu eta urdinen hutsa lehenago iristen zen gorriena baino.
Atsedenak atseden, jokoak horrelaxe jarraitu du eta alderik handiena 20-6koan lortu dute gorriek, Ezkurdiak aurrean amaitutako bi tantoren ondoren.
Azken txanpan, dena galduta zutenean, urdinek tanto batzuk kateatu dituzte, markagailua itxuratuz. Jon Ander Peñak amorrua atera eta egin dezakeenaren printza batzuk behintzat utzi ditu.
«Oso pozik gaude. Ongi borrokatu dugu, Albisuri metro asko eginarazi dizkiogu eta gero egin dituen huts horietan nabaritu dela uste dut. Beñatek atzean konfiantza handia ematen du eta pozik ari naiz», adierazi du Joseba Ezkurdiak partidaren amaieran.
Laso eta Iztuetaren lehen porrota
Ezkurdia eta Rezusta bakarrik geratu dira ligaxkako lidertzan, hiru garaipenekin zegoen beste bikoteak, Laso-Iztuetak, galdu egin duelako Lekeition: 22-21 Elordi eta Zabaletaren kontra 85 minutuko iraupena izan duen neurketa gogorrean.
Markagailuan lehen errentak Elordi eta Zabaletarenak izan diren arren, 6-5 edo 11-9, lehen atseden luzera aurretik iritsi dira Unai Laso eta Martxel Iztueta (11-12).
Hortik aurrera, eta Lekeitioko pilotaleku luzean askotan gertatu ohi den bezala norgehiagoka ikaragarri gogortzen ari zela, Laso eta Iztueta tarteak handitzen joan dira apurka-apurka.
Tarterik handienak lau tantokoak izan dira, 15-19an eta 17-21ean, baina garaipena poltsikoan zutela zirudienean, dena okertu zaie Baikokoei. Unai Lasok huts nabarmen pare bat egin ditu eta arazo fisikoak ere izan ditu. Eta 21-21ekoarekin, ordura arte sekulako partida jokatu duen Martxel Iztuetak pilota goiko koltxoira bidali du.
Ikuskizun bikainarekin asko gozatu dute Santi Brouard pilotalekura hurbildu diren zaleek, eta laukoteko bizkaitarrak irabazita, are alaiago irten dira frontoitik Santomas egunean.