Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gobernantza Departamentuaren eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren bidez, informazio kanpaina abiatu du segurtasuna indartzeko. Aste honetatik aurrera, bi solairu edo gehiagoko etxebizitza eraikin guztiek gida bat jasoko dute itsasgarri formatuan. Bertan, sute baten aurrean etxean edo espazio komunetan nola jokatu azaltzen da modu praktiko eta argian.
«Larrialdi egoeretan nola jokatu jakiteak bizitza eta heriotzaren arteko aldea markatu dezake», adierazi du Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak, informazio materiala aurkezteko prentsaurrekoan. Material hori bizilagunen lehendakariei bidaliko zaie, eraikinetako atarietan jartzeko. «Gipuzkoar guztiek arriskuak prebenitzeko eta sute baten aurrean eraginkortasunez erantzuteko tresna praktikoak eskura izatea nahi dugu. Prebentzioa eta prestaketa guztion ardura dira», azpimarratu du.
Gomendio erraz eta zuzenak
‘Sute baten kasuan, ezagutzak bizitzak salbatzen ditu’ izeneko fitxak gomendio erraz eta zuzenak eskaintzen ditu suteak prebenitzeko eta larrialdi egoerei lasaitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Besteak beste, sukaldeko erauzgailuaren iragazkiak garbitzea, entxufeak ez gainkargatzea eta sute baten kasuan kez betetako eskaileretatik ez igotzea gomendatzen da, larrialdi zerbitzuak iritsi arte toki seguru batean itxarotea hobe baita.
Josu Mañarikua Gipuzkoako suhiltzaileen ofizialak azaldu duenez, «zartagi batekin edo karga elektriko gehiegirekin izandako deskuidu txikiek ondorio tragikoak izan ditzakete. Horrelako kanpainek arriskuak murrizten laguntzen dute eta, aldi berean, lasaitasuna mantentzen eta une kritikoetan erabaki zuzenak hartzen erakusten dute», adierazi du.
Gidaren banaketarekin batera, sare sozialetan segurtasun gomendioak zabalduko dira.
«Gipuzkoan bizi diren pertsona guztien segurtasunarekin eta ongizatearekin konprometituta gaude», esan du Berasaluzek, Gabonak ospatzeko garaia ez ezik, gure etxeak eta bizitzak babestearen garrantziaz hausnartzeko unea ere badela gogoraraziz.
Gabon zaharretarako arreta
Urte amaierako ospakizunei begira, Berasaluzek «kontu handiz ibiltzeko» eta «zentzuz jokatzeko» eskatu du, batez ere piroteknia materialak erabiltzean, horrek suteak eta istripuak izateko arriskua nabarmen handitzen baitu. Halaber, Gipuzkoako udalei prebentzio neurriak indartzeko eta udal ordenantzak zorrotz betetzeko eskatu die.
Bestalde, Mañarikuak suzirien, bengalen eta beste piroteknia artikulu batzuen erabilerarekin lotutako arriskuez ohartarazi du. «Material horiek erabiltzen dituztenentzat ez ezik, ingurukoentzat ere arriskutsuak dira, batez ere beren ibilbidea aurreikusteko zaila delako», azaldu du.
Hamar urte bete dira hain zuzen Trintxerpen 48 familia etxetik aterarazi zituen gabon zahar hartatik.
Foru Aldundiak honako gomendioak eman ditu arriskuak murrizteko: «Ez jaurti piroteknia materialak ibilgailuetara, edukiontzietara edo sutea eragin dezaketen beste elementuetara; ez erabili espazio itxietan edo leiho edo balkoietatik sar daitezkeen eraikinen alboan; erabili espazio ireki eta seguruetan, eta material erregaiak (zaborra, hondakin begetalak, basoak) dauden lekuetatik urrun».
«Ez erabili faroltxo hegalariak edo kontrolatu ezin diren beste elementu piztuak; izan beti eskura itzaltzeko tresnak (suhiltzaileak edo ur-ontziak); edozein sugar edo sute txiki ikusiz gero, deitu berehala 112 larrialdi telefonora; erabili beti zentzua eta arduraz jokatu».