
Annapurna, Manaslu eta Everest. Horiek dira negu astronomiko honetan igotzen saiatuko diren zortzimilakoak. Lehenbiziko bietan talde modura lan egiten ari dira. Hirugarrenean, berriz, fenomeno berezi bat gertatzen ari da.
Jost Kobuschek hirugarren bisita du munduko mendi garaienera. Beste bi zortzimilakoetan ez bezala, azken honetan 32 urteko alemana, aurreko bi ekinaldietan bezala, bakarka jarduten ari da. Proiektu ausart horrek, gainera, baditu azpimarratzekoak diren beste eite batzuk: ez du mendiko langileen laguntzarik eta ez du oxigeno gehigarririk erabiltzen. Eta hori guztiari gehitu behar diogu ibilbide klasikoak saihestu eta mendebaldeko ertza aukeratu duela.
Alpinista gazte honek zur eta lur utzi zuen alpinismoaren kolektiboa xede hori aurkeztu zuenean. Ohi den bezala, eskola zaharreko eta berriko belaunaldien arteko talka egon zen Kobuschen asmo hori aztertzerakoan. Gogoratu behar dugu protagonista honek oso eskarmentu gutxi duela zortzimilakoetan; soilik Annapurna igo du. Neguko jardueretan ere, ez du zerrenda luzerik. Aipatzekoa da Denali bakarka eta sasoi horretan eskalatu duela.
Bada, zutabe «ezegonkor» horiek kontuan hartuta, eskola zaharrekoak gogor kritikatzera atera dira. Reinhold Messnerrek, adibidez, Kobusch gutxietsi du: «Komunikatzaile ona izateaz gain, harreman publikoetan lan bikaina egiten ari da». Eskola berrikoek, aldiz, ez dute iritzi berezirik eman. Argi dagoenez, horietako batzuek diote oso aukera gutxi duela balentria hori lortzeko, baina erakusten ari den ausardia eta burugogorkeria kontuan hartu behar direla. Gainera, hauek gailurrari baino alemanaren estiloari garrantzia gehiago ematen diote.
7.537 metro
Iritziak iritzi, kontuan da Kobusch berriro lanean dela Everesteko mendebaldeko ertzan. Hirugarren saialdi honetarako helburu bat zuen: 7.500 metroko kotara heldu. Hots, ertz horretan sasoi honetan erdietsi den garaiera handiena. Ohore hori Benoit Chamoux eta Vincent Fine frantziarrek zuten; hain zuen ere, 1985. urtean sinatutakoa. Eta iragana aipatzen dugu alemanak garaiera hori gainditu berri duelako. Hain zuzen ere, egin duen azken irteeran 7.537 metrora iritsi da.
Kobuschek adierazi du lehen kanpalekutik irten zela baldintza oso egokiekin. Lho La lepoan gaua egin ordez, aurrera jarraitu zuen. Une jakin batzuetan haizeteek ondo astindu zuten, baina ez zuen etsi. Gaua heldu eta ertz horren ia amaierara iritsi zen. Puntu jakin horretan GPSak zioen 7.537 metrora zela.
Bidean utzitako denda batera jaitsi zen, ordu batzuk han egin zituen eta biharamunean oinarrizko kanpalekura onik iritsi zen. Alpinista honek onartu du pozarren dagoela lortutako kotarekin; hots, arestian aipatu dugun aurtengo helburu nagusiarekin. Une honetan atseden hartzen ari da. Momentuz, ez du baieztatu beste ekinaldiren bat egingo ote duen Everesti neguan metro gehiago kentzeko.
Aipatu dugun kota horretatik aurrera, hurrengo helburua Hornbein korridorea da; hain zuzen ere, munduko mendi garaienaren gailurrera zuzen eramaten duena. Aurreratu dugun bezala, aukera oso-oso txikiak ditu, eta ez dakigu hirugarren ekinaldi honetan beste urrats bat egingo ote duen. Bederen, estiloaren eta jarreraren aldetik, neguko zortzimilakoen egoerari beste ukitu bat ematen ari zaio.

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

Dimite el portavoz del PSN en Lizarra, Fran Moleón, por irregularidades con una tarjeta

1978tik 2011ra Estatu indarkeria pairatutako zazpi lagun gehiago biktima gisa onartu dituzte

El PP de Donostia escenifica su repulsa a que la torturada Sandra Barrenetxea sea concejala
