NAIZ

Espetxeratutako Cecilia Sala kazetaria «berehala askatzea» eskatu dio Italiak Irani

Teheranen atxilotu zuten eta Evingo kartzelan dagoen Cecilia Sala kazetari italiarra «berehala askatzea» eskatu dio Italiako Gobernuak Irangoari. Giorgia Meloni lehen ministroak bat egin du aldarriarekin kazetariaren amarekin bildu eta gero.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak bat egin du Cecilia Sala askatzearen aldarriarekin.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak bat egin du Cecilia Sala askatzearen aldarriarekin. (Marco IACOBUCCI | LIVEMEDIA-IPA-DP-DPA-EUROPA PRESS)

Italiako Gobernuak Cecilia Sala kazetaria «berehala askatzea» eskatu dio Irani. Sala duela hamalau egun atxilotu zuten eta «egoera oso txarretan» dago Evingo kartzelan.

Italiako Atzerri Ministeritzako idazkari orokor Riccardo Guarigliak Iranek Erroman duen enbaxadoreari, Mohammad Reza Sabouri, deitu zion «herrikidearen berehalaka askatasuna» askatzeko. Sala kazetari bisarekin sartu zela Iranera gogoratu du Italiako diplomaziak.

Honekin batera, Guarigliak Salaren eskubide guztiak bermatzea eskatu du, Teheranen Italiak duen enbaxadako kideen bisita jasoz eta orain arte ukatu dizkioten konforterako gailuak emanez.

Legearen kontra egitea leporatzen diote Iranen

Errepublika Islamikoaren legeen kontra aritzea leporatzen diote Salari. Kazetariak asteazkenean familiarekin hitz egin zuen telefonoz eta espetxean egoera txarrean zegoela esan zien. Horregatik, askatzeko prozedura azkarra martxan jartzeko eskatu zien.

Kontatu zuenaren arabera, ziegako zoruan egiten du lo, argia ez dute itzaltzen, bi manta baino ez ditu eta bi aste isolamenduan izan zen. Tarte honetan Paola Amadei Italiak Teheranen duen enbaxadorearekin bildu zen behin.

Honekin batera, janaria ateko zirrikitu batetik ematen diotela eta ez dituela zaindariak ikusten azaldu zuen. Ez du paketerik jaso eta betaurrekoak kendu diotenez ezin du irakurri.

‘Il Foglio’ kazetarentzako egiten du lan Salak eta abenduaren 19an atxilotu zuten Teherango hotelean, Italiara itzultzeko aireporturako bidea hartzeko prest zegoenean. Irango egoerari buruzko erreportaje zenbait argitaratu berri ditu, Sirian jazotzen ari denak duen eragina ere aipatu zuelarik. Teherango patriarkatuari buruzko podcast bat ere argitaratu zuen.

Irango atxilotua Italian

Abenduan bertan Italiak Irango Mohammad Abedini ingeniaria atxilotu zuen Milango aireportuan AEBen estradizio eskaera batengatik. Honek arrangura sortu du Teherango agintarien artean. Iranek Erroman duen enbaxadak Abediniren askatasuna eskatu du.

Italiako lehen ministro Giorgia Meloni Salaren askatasunaren alde azaldu da kazetariaren amarekin, Elisabetta Vernonirekin, bildu ondoren.