Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Entrevista
Erik Balenziaga Azkue
Alemaniako MT Melsungen eskubaloi taldeko jokalaria

«Jokatu dudan leku bakoitzean zoriontsu izan naizela esan dezaket»

Elkarrizketa hau publiko egin den egun honetan abiatu da Erik Balenziaga (Zarautz, 1993) Alemananiarantz. MT Melsungen eskubaloi taldea Bundesligako aurreneko postuak lehiatzen ari da Kiel bezalako erraldoien aurrean; harrigarria 15.000 biztanle inguru dituen herri bateko talde batentzat.

Erik Balenziaga Zarautzen.
Erik Balenziaga Zarautzen. (Gorka RUBIO | foku)

Elkarrizketa honek kirol lorpenak beste baterako laga ditu. Izan ere, maiatzaren 10ean 32 urte beteko dituen jokalari honek dagoeneko hamarkada oso bat darama etxetik kanpo, Pontevedra, Iruñea, Logroño, Tolosa (Okzitania) 2021ean eta Melsungen 2023tik hona ezagutzea tokatu zaio. Kasu honetan, kantxetako argiak itzaltzen direneko Erik Balenziaga elkarrizketatu dugu.

Sekretu bat: mutilak herria laga badu ere, herriak ez du mutila laga. Poztekoa da ikustea Zarauzko Musika Plazaren inguruan tarteka zenbat herritar pasa diren elkarrizketan zehar Balenziagari agur egiten.

Gabonetako oporraldi hauetan «anfitrioi» asko izan dituzu Zarautzen?

Zarauzko jende askorengandik oso maitatua sentitu naiz, bai. Kaletik jende askok geratu nau: zerbait esan, agurtu, zerbait komentatu... Zarautza natorren bakoitzean jasotzen dudan harregatik zoriontsu naiz, benetan! Eta Gabonetan, familiakoekin, koadrillako lagunekin bazkariak, afariak... egin ditugu eta, bai, pozik benetan!

Zarauzko jendearekin oso harreman estua mantentzen duzula dirudi. Kanpoan ere halako harremanik lotzea lortu duzu?

Eskubaloia herri txikietako kirola da, Hanburgo eta Berlin izan ezik. Beraz, horrek gertukotasuna handitu egiten du jendearekin ere. Ondorioz, denek ulertzen dugu eskubaloia talde kirol eta familia kirol bezala.

Eta taldekide ohiei dagokienez, jakina, talde bakoitzeko hamasei kideekin ez duzu laguntasun harreman berbera lortzen, baina ibili naizen talde guztietan laga ditut bizpahiru lagun, benetakoak, eta horiekin oraindik ere harremana mantentzen dut.

Jendeak kalean geratzen zaitu, adibidez, bezperan egurra jasotzen duzuenean?

Denak errespetu handiz, baina bai, batzuk izaten dira. Intentzio on guztiarekin gelditzen zaituzte eta hitz bi egiten dizkizute, eta kalean, erosketak egiten edo taberna baten gutxi batzuek ikusi eta animoak ematen dizkizute, edo zorte ona opa dizute eta eskertzekoa da, inor ere ez da, gainera, ordubeteko hitzaldi bat ematera etortzen.

Zaleekin pista barruan ere kontaktua izaten duzue partidak amaitu berritan?

Gure kasuan, partida bakoitza amaitzen denean, zaleak gurekin argazki bat ateratzera pista barrura sar daitezke eta badaude zenbait zale, beti jende berbera, tarteka kanpoan jokatzen ditugun partidetan ere azaltzen direnak. Halakoetan, gertatzen da elkarrizketatxo bat izan dezakedala, gertutasun hori sendotzen doalako.

Alemana ikasten ari naiz; euskaraz eta gazteleraz gain, ingelesez eta frantsesez nahiko ondo moldatzen naiz eta alemana pixkanaka ulertzen ari naiz. Diskurtso handirik ezin eman, baina saiatzen naiz hitz egiten halako kasuetan. Beste gauza bat da elkarrizketaren bat edo eman behar badut; ingelesez nahiago.

Orain Alemanian zaude, baina zure aurreneko jauzia Teucrora izan zen, duela hamar urte, Pontevedran. Salto handia izan al zen?

Aurrenekoz ateratzen nintzen etxetik! Pisu batean bizitzera, beste jokalari batzuekin... Tira, neurri batean bai, salto handia izan zen, baina oso ondo hartu ninduten eta erraza egin zitzaidan hara moldatzea.

Egon naizen toki bakoitzean oso jende ona aurkitu dut eta asko lagundu didate bertakotzen. Normala da Iruñera, Logroñora edo Pontevedrara errazago ohitzea Toulouse edo Kasselera baino –Melsungendik hurbil dagoen hiria–, hizkuntzak asko laguntzen duelako. Hala ere, denborarekin ohitzen joan naiz eta jokatu dudan leku bakoitzean zoriontsu izan naizela esan dezaket.

Inon aurkitu duzu bizimodura egiteko zailtasunik?

Egia da Toulousen hasieran kosta zitzaidala. Frantsesez egin behar, eta bizimodu ezberdina zen. Aurreneko hiruzpalau hilabeteetan  bertara ohitzea ez zitzaidan erraza egin. Behin ohitu eta gero, izugarri ondo egon nintzen bertan urte eta erdi, eta orain, Kasselen, berdina. Ordutegiak ezberdinak dira, eguraldia ere ezberdina da, eguzkia eta iluntasuna; neguan arratsaldeko lauretarako ilun dago! Horrek guztiak zailtasun batzuk jarri dizkit baina, tira, azkenerako beste esperientzia bat da.

Kassel Alemania erdian dago eta Toulouse Frantzia hegoaldean. Badirudi zenbat eta iparralderago joan, orduan eta antzekoagoak direla denak, baina herrialde bakoitzak bere kultura dauka, bere izaera eta ezberdintasunak nabarmenak dira, hemen bezala.

Norberak ere, nahitaez, beretik ipini behar du bertakotze horretan.

Jakina! Batetik, taldean 16-18 jokalari gara eta denak ez gara berdinak eta egia da antzekotasunik edo afinitate gehien duzun taldekideekin lotura handiagoa egiten duzula. Horrez gain, bakoitzaren ohiturak ezberdinak dira eta ni besteen kulturetara ohitzen saiatzen naiz, eta besteak ere nire kulturara ohitzen saiatzen dira.

Alemaniako ligan ez da oso ohikoa izan orain arte, baina zuen taldean herrialde askotako kideak zaudete, ezta? Zer eskaintzen diozu zure izaerarekin taldeari?

Hamabi bat herrialdetakoak: letoniarrak, espaniarrak, portugaldarra, tunisiarra, alemanak, noski... Nik espero dut poz apur bat eskaintzea. Pertsona oso irekia naiz eta asko gustatzen zait kalean egotea, bazkaritara joatea edo bestelako aktibitate pixka bat edukitzea.

Bestalde, leku ezberdin askotan ibilitakoa naizenez, saiatzen naiz iristen diren berriei nire esperientziatik laguntzen; 31 urterekin eta hiruzpalau herrialdetan egon eta gero, nik uste zertxobait lagundu dezakedala. Ikusten duzu norbait isilik egoten dela eta antzeman egin behar da oraindik bertakotu gabe dagoelako, bere izaera horrelakoa delako eta kitto... Halakoetan, hasieran jendearekin egon behar duzu: zeozer hartzen joan, buelta bat eman, inguruko herri bat ezagutzera joan... Eta gero ikusten da, hurreratu nahi duen hori azkenerako hurreratu egiten da.

Bundesligan bikain zabiltzate eta jatorri aniztasun horrek baduela zeresanik, Alemaniako ligaren ezaugarri oso fisikoen aldean jokoa ezberdin ikusten duzuelako. Hori egia da ala taldea ondo doanean bakarrik esaten den kontua da?

Izan liteke, ez pentsa. Azken batean, eskubaloi oso ezberdinak bizi izan ditugun jokalariak elkartu gara eta bakoitzak eskaini dezakeen hori oso ezberdina da, eta batzuetan kide baten ereduak funtzionatuko du eta hurrengoan beste batenak. Egunero eredu bat ez bada, beste batek funtzionatzea lortzen dugun bitartean, zoragarri.

Eta hain talde heterogeneoa izanda, kide bakoitzaren hainbat kontu deigarri egingo zitzaizkizun!

Esaterako, azkenengo urteotan lehenengo aldiz erlijio ezberdinetako jendearekin taldea konpartitu dut eta hori ere oso aberasgarria izaten ari zait. Asko ari naiz ikasten egoera horretaz jabetuta. Eta bestetik, ez da gauza bera Europa iparraldeko daniarra edo hungariarra; portugaldarra edo tunisiarra... Kultura ezberdinak badaudela jakiteaz gain, pixka bat sakonagotik ezagutzen saiatzea, galdetzea... pila bat interesatzen zait.

Taldekideek Euskal Herriari buruz badakite?

Jakina, Errioxan edo Pontevedran jokatu nuenean, askoz nabarmenagoa zen euskalduna nintzela. Toulousen, tira, eta Alemanian ez horresbeste. Beti hitzen bat erakusten edo hemen bertoko jana prestatzen saiatzen naiz... Beti saiatzen naiz nire etxeko zerbait uzten.

Kanpoan jokatzean, zure gelakide omen da Letoniako Dainis Kristopans, 2,15 metroko erraldoia. Zu zeu –1,69 metrorekin, Balenziaga da erdiko postuan Alemaniako ligan jokatzen duen jokalaririk txikiena– eta bere artean dirudiena beste ezberdintasun dago?

Ba fisikoa aparte utzita, ez hainbeste! Izaera antzerakoa daukagu, ñabardura askorekin, noski. Eskubaloia berdin ikusten dugu, kalean ibiltzea gustatzen zaigu... Paseotxo bat eman eta ura ikustea bioi asko gustatzen zaigula. Dainis ere kostakoa da, ni bezala. Agian Baltikoa Kantauri itsasoa baino hotzagoa izango da.

Fulda ibaiak zeharkatzen du Kassel eta ur apur bat badago. Toulousen ere ibaitik paseo eder askoa neukan, baina Dainis bezala, ni neu ere itsasokoa naiz eta errekarik honekin ezin da konparatu. Tira, Pontevedran ere baneukan itsasoa! (barrez)

Zuk kontratua 2027raino daukazu Melsungen taldearekin. Kontratua amaitzen ari den tarte horretan, eta joateko bezala, geratzeko eskaintzak daudenean, «bertakotze» horrek pisatzen du erabaki bat hartzerakoan?

Noski pisatzen duela. Joatea erabakiz gero, atzean bi edo hiru urte izugarri atzean uzten dituzu... Edo txarra izanda ere, lagunak eta gertukoak bertan uzten dituzu eta ez da erraza beste aldaketa bat aurrera eramatea. Nire kasuan behintzat, aldaketak hoberako izan dira, kirol arloan, eta orduan ilusioak gehiago pisatzen du bertakotzeak baino.

Etxean nola hartu dituzte zure kirol bizitzan jotzen ari zaren buelta hauek guztiak?

Zoriontsu daude nigatik. Ahal duten bakoitzean etortzen dira bisitan gurasoak eta arrebak. Nire kasuan familia oso eskubaloi zalea izan da beti eta semea kanpoan egotea aitzakia nahikoa ez bada buelta bat emateko Alemaniara, ba eskubaloia gustoko izanda, oraindik eta errazago egiten zaie. Urtean lauzpabost aldiz etortzeko aukera izaten dute eta ni ere zoriontsu beraiek datozelako!

Etxetik Alemaniara edo Alemaniatik etxerako bidaietan, buruari buelta asko ematen dizkiozu?

Bestela ematen dizkiot bueltak buruari. Etortzeko orduan, beti gogotsu egoten naiz eta joatea tokatzen denean, nahiz eta nahiko nukeen hemen gehiago egon, harantz ere ilusioz joaten naiz. Noski, ez da gauza bera Gabonetako oporretan etortzea edo hiruzpalau egunetarako. Hau da, pare bat egun pasatzen direnean, laster berriro martxa egin behar dudalako apur bat tristeagoa da, presaka zabiltzalako denbora osoan. Gabonetan edo udako oporretan, egun gehiago izatera eta patxada gehiagorekin ibili ahal izatera, joateko orduan ere lasaiago ibiltzen naiz.

Kanpora joan behar duen askok atzean geratzen dena galtzeko beldurra adierazten du eta askotan, bi familia osatzen dituela ikusten azkenerako. Zenbat familia ditu Erik Balenziagak?

Neskalaguna hemengoa dut eta nirekin Alemanian bizi da. Alde horretatik ezin naiz kexatu eta lehen esan bezala, lagun batzuek utzi ditut egon naizen toki bakoitzean. Beraz, familia asko dauzkadala iruditzen zait: momentuan momentukoa. Orain, Alemanian, baina Toulouseko lagunak dauzkat, Iruñeakoak, Logroñokoak... Etortzen naizen bakoitzean saiatzen naiz bat edo beste ikusten eta kontaktu hori mantentzen.

Zure neskalagunari nola doakio Kasselen? Tolosan (Okzitania) ere zurekin izan zenuen?

Toulousen nenbilena joan-etorrian zebilen; hauxe da lehenengo aldia da elkarrekin atzerrian bizitzen ari garela, Iruñean ere ere egon zelako. Nik ere laguntzen diot Alemaniara bertakotzen, azken baten egun hobeak eta txarragoak biok dauzkagu eta niretzat bera ondoan izatea laguntza ederra den bezala, berarentzat ere hala da, hauxe duelako atzerrian bizitzen aurreneko esperientzia, eta gustora dabil bera ere. Lan pila bat egiten, hori bai! Arkitektua da eta etxetik lan egiteko aukera dauka eta ordu mordoa sartzen ditu. Kanpoan pare bat partida kateatzen baditugu eta lauzpabost egun kanpoan ematen baditut, agian zertxobait luzeago egiten zaizkio egunak, baina bestela, egunerokotasunean, hemen biziko bagina antzerakoa da.

Nolakoa dira partidarik eta bidaiatu beharrik gabeko egunak?

Lasaiak. Saiatzen gara aprobetxatzen eta denbora pasatzen neskalagunarekin eta Kasselen bertan egindako lagun ekin. Kafe bat hartzeko, buelta bat emateko... dena delakoa egiteko geratu eta abar. Pare bat egun segidan libre izanez gero, agian inguruko herriren batera joan eta hura ikusi. Gabon garai honetan, «Christmas Markets» delako azoka horietakoren bat bisitatzen joan... Kurioseatu pixka bat, behintzat.

Ez naiz hain kuturzalea, bestetik, musika arlotik kanpo. Zerbait «kutsatu» bazait Frantziako eta Alemaniako esperientzia kulturaletik musika izan da: zerbait entzuten dut, berdin frantsesa edo alemana eta gustoko taldeak aurkitu ditut. Zinema, antzerkia... ez naiz horien hain zalea.

Hamar urte daramatzazu kanpoan jokatzen eta 31 urterekin, 2027ra arte kontratua daukazu, baina inork baino hobeto dakizu hau ez dela betiko. Gerorako planik egiteko goizegi oraindik?

Oraindik ez dut planik egin. Ikasketa batzuek bete nituen bere garaian: Erdi Mailako eta Goi Mailako kurtso bana kirolari lotuta eta Goi Mailako beste kurtso bat Administrazioa, eta oraindik nire burua horietan lanean ikusten ez badut ere, laster hasi beharko dut planteatzen. Nik oraindik lauzpabost urtean jarraitzea espero dut.

Baina egia da, era berean, inguruan dauzkadan jokalari ohiek erakutsi didatela zerbait gehiagori heldu behar zaiola eskubaloia eta gero.

Jokalari izandako lagun horiek inolako arazorik edo zailtasunik izan dute kirol bizitzatik egunerokotasun «normalera» pasatzeko?

Esaterako, jokalari izandako Mikel Agirrezabalagarekin kontaktu handia daukat eta sarritan hitz egiten dugu, edota Libe Altunarekin. Badakit biak lanean jo ta fuego ari direla eta biek garbi laga didate eskubaloiaz gozatzeko, baina kontziente izan behar dudala burua gero beste zerbaitetan jarri beharko dudala; «astelehenetik ostiralerako» lan baten jarri beharko naizela.

Eta hamar urtean «mundua ikusten» ari den pertsonak, non bertakotu nahiko luke kirol bizitza amaitzen denean?

Baldin eta entrenatzaile gisa edo antzera eskubaloiari lotuta kluben baten segitzen ez badut, nire bikoteak eta nik Zarautza itzultzeko asmoa daukagu. Baina hona itzultzea ez da erraza, garestia baita! Baina biok hemengoak izanda, biok lagunak eta familia hemen edukita, nik uste honantz egingo dugula.

Zarautz garestia dela diozunez, Tolosan (Okzitania) edo Kasselen bizitzearen aldean, nolakoa litzateke?

Aisialdi bizitza hemen baino garestiagoa da Toulousen eta Alemanian. Baina egunerokotasunean ez dago mila alde. Hango soldatak eta hemengoak alderatzen baditugu, azkenean ez da alde handirik egongo.

Duela hamar urteko Erik Balenziagak gaur nor izatera iritsiko zen pentsatuko zukeen?

Sekula ez! Zarautzen jokatzen nuenean bizitza guztia Zarautzen jokatuko nuela pentsatzen nuen; Logroñon nengoela, nire bizitzako lauzpabost urte Errioxan ematea zen nire planteamendua, baina hain garbi nuen planteamendua eta 2021ean Toiulousera joan nintzen; orain Alemanian nago eta gero ez dakit non izango naizen.

Hori bai, joan nintzenean baino askoz helduagoa naiz. Jende asko, bizipen asko eta kultura asko ezagutu ditut eta niretzat zoragarria izan da, oraingo Erik hamar urte hauetako bilakaera delako. Badakit kosta egiten dela hemendik kanpora joatea eta eskubaloiko eskaintzekin nekez aberastuko da bat ekonomikoki, baina bizitza bat da eta saiatu nahi duenak aurrera jo behar du, batez ere kirolari biitzari lotuta dagoenak, gaztetan egiten ez duena gero ezingo duelako egin.