
Osasun Publikoa Aurrera plataformak elkarretaratzea egin du Gasteizen, San Martingo osasun zentroko eta Olagibeleko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen zein Santiagoko Larrialdi Zerbitzuaren funtzionamendua dela eta. Salatu dute ez dagoela behar beste langile zerbitzuotan, eta «pertzepzioa» hobetzeko neurriak direla asteotan hartutakoak, urtea hasi zenetik egindako beste mobilizazio batzuetan ere aldarrikatu dutenez.
Etengabeko Arreta Gunea otsailaren 1ean berriz ireki bazuten ere, ez dituztela behar bezala funtzionatu dezan ezinbestekoak diren baliabideak jarri adierazi dute. Izan ere, asteburuetan baino ez dute zabaltzen eta langileak Olagibeleko anbulatorioan daudenak dira, erdi eta erdi banatzen dituzte. Hori dela eta, ez batak ez besteak ez dauka plantilla osorik. Horren aurrean, plataformak aldarrikatu du «urtean 365 egunez eta horretarako behar diren langile guztiekin» zabaldu ditzatela bi EAGk.
Halaber, kritiko agertu dira martxoaren 31n berriz zabaltzekoak diren Santiagoko ospitaleko larrialdi zerbitzuaren funtzionamenduarekin. Kasu honetan ere, ez dute langile kopurua areagotuko. Hiru urtez larrialdi zerbitzua itxita egon da ospitalean eta beste toki batzuetatik ekarritako pazienteak, 112ak bideratutakoak eta oftalmologia, psikiatria eta paziente bereziki delikatuak baino ez dituzte artatu. Aurrerantzean, euren kabuz doazenak ere artatuko dituzte, orain arteko langile kopuru berarekin. Gainera, Santiagoko ospitaletik espezialitate asko kendu dituzte eta telefonoz egingo dituzte kontsultak behar izatekotan, salatu dutenez.
Hori dela eta, «errendimendu osoko bi EAG, eta Lehen Mailako Arreta sendoa» galdegin dute mobilizazioan, «EAGak osasun-zentroan ordurik ematen ez digutenerako baliabide izan ez daitezen». Horrez gain, agintariei leporatu diete «pertzepzioa» hobetu nahi izatea, «asistentzia» beharrean.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko
