NAIZ
Donostia

Israelen «genozidioaren aldeko hautuaren» aurka manifestazio nazionala, larunbatean Donostian

Donostiak Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko beste mobilizazio bat hartuko du larunbat honetan. Su-etenaren hautsita Israelen erasoek 400 pertsona baino gehiago hil dituztenez, Gernika Palestinak «ezinbestekotzat» jotzen du euskal gizartearen erantzuna.

Duela urtebete Donostian egindako manifestazio jendetsua.
Duela urtebete Donostian egindako manifestazio jendetsua. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bi hilabeteko su-etenaren ondoren Israelek hautsi eta berriz eraso egin die palestinarrei, Gaza bonbardatuta, 400 hildako baino gehiago eraginez. Horren aurrean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazio nazionala deitu du larunbaterako, hilak 22, Donostian.

Ohar batean adierazi duenez, «itxaropenez» bizi izan dituzte su-etena iraun duen azken bi hilabeteak. Hala ere, Israelek «Trumpen babesarekin eta nazioarteko komunitatearen isiltasunarekin» su-etenari jarraipenik eman ez diola deitoratu du. «Beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du palestinar herria krudelkeriaz bonbardatuz eta umeak jopuntuan jarriz», gaineratu du herri ekimenak.

Horren aurrean, «euskal gizartearen erantzuna ezinbestekotzat» jotzen du eta larunbatean ‘Genozidioa stop! Israel, ¡alto el fuego ya!’ lelopean kalera ateratzeko deia egin du. Duela urtebete juxtu Gazaren aurkako genozidioaren kontrako mobilizazio deigarri eta erraldoia egin zuen Donostian, genozidioaren biktimak irudikatuz.

Bulebarretik Saguesera

Larunbateko mobilizazioa Boulebarretik abiatuko da, 17.30ean, eta Sagueseraino joango da. Funtsean, nazioarteko komunitateari eskatzen dio «dituen baliabide guztiekin Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzeko eta su-etenaren bideari itzultzeko Palestinako herriaren eskubideak bermatze aldera, hau da, Palestinak justizia, lurra eta bakea izan ditzan».

Eragile sozial, politiko eta sindikalei mobilizazioarekin bat egiteko dei egin die Gernika-Palestinak. Horren berri emateko eta manifestazioaren nondik norakoak ezagutarazteko prentsaurrekoa egingo dute ostegunean, martxoaren 20an, Saguesen bertan.

Astelehenean, eskoletan

Sarraskiari urgentziazko erantzuna eman asmoz, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak ikastetxe guztietan elkarretaratzeak deitu ditu astelehenerako, martxoak 24. «Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta beste sarraski bat egin du. Lotan ziren bitartean, 400 zibil palestinar baino gehiago erail ditu ordu gutxitan, horietako gehienak haurrak. Beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu. Gure barrenak berriz ere irauli dizkigute eta inpotentzia nagusi da. Jada suntsitua den herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak, bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe».

Europari ere «beste aldera begiratzea» leporatu diote. «Ezin gara isilik geratu. Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu: Aski da! Gure gobernu eta erakundeei genozidio honen aurka argi eta tinko posiziona daitezela eskatzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela».