NAIZ

Sukalde eta garbiketako langileentzako hobekuntzak, Lakuarekin lortutako akordioaren bidez

Hezkuntza arloan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abiatutako grebak hiru ardatz zituen. Bigarrena ere konpondu da, Haurreskoletako akordioaren ostean: sukalde eta garbiketako langileentzako hobekuntza nabariak aurkeztu dituzte ELAk eta LABek, bakoitzak bere aldetik.

Sukalde eta garbiketa arloetako langileen protesta Bilbon, Lakuako ordezkaritzaren aurrean, protesta dinamika honetan.
Sukalde eta garbiketa arloetako langileen protesta Bilbon, Lakuako ordezkaritzaren aurrean, protesta dinamika honetan. (Mikel Martinez de Trespuentes | Foku)

Haurreskoletako langileek hitzarmen berria lortu zuten otsailean eta orain sukalde eta garbiketa arloetako langileek lortu dute, ELAk eta LABek jakitera eman dutenez. Soldataren aldetik igoerak eta lan baldintzen aldetiko beste hobekuntza batzuen berri eman dute. Honekin amaitutzat jotzen da protesta, greba txanda berriak iragarrita zirenean. Irakasleenak aurrera jarraitzen du: bost egun gehiagoko lanuztea egingo da hurrengo bi asteotan.

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak berak oso positiboki baloratu du akordioa. Ia 800 lagunei eragingo diela aipatu du Sailak.

ELA: %9ko eta %7ko soldata igoerak

ELA sindikatuak jakitera eman duenez, sukaldariek %9ko soldata igoera izango dute, eta garbitzaileek, %7koa.

Ratioei dagokienez ere hobekuntza garrantzitsuak eskuratu dituztela esan du: sukaldarien kasuan %17an kokatu dute (honek esan nahi 60 haur artatu beharrean 50 izango direla), eta garbiketa arloan %8an.

Erretiroa hartzeko orduan, «jardunaldi herena murrizteko eta metatzeko eskubidea izango da 60 urtetik aurrera. Honek erretiroa 18 hilabete eta 2 urte bitarte aurreratzeko eskubidea suposatzen du».

Honezaz gain, 55 lanpostuko EPE berri bat deituko du Hezkuntza Sailak datozen bi urteen barruan, «behin behinekotasuna %5ean mantentzeko».

«Pribatizazioari atea itxi zaiola» erantsi du ELAk.

Bestelako lorpenak aipatu ditu, lan osasunaren alorrean, euskarari dagokionean, berdintasun planak garatzearen inguruan...

Sindikatu honek batzarra deitu du larunbaterako, afiliatuekin eduki bat partekartzeko eta «hitzarmenari emandako sinadura berresteko».

LAB: «16 urteren ondoren»

Zehaztapen txiki batzuekin datu hauek ere eskaini ditu LABek. Lan jardunaren murrizketa erantsi du: sukaldeetako langileen kasuan 108 ordu gutxiago lan egingo dute urtero, eta garbiketa arlokoek, 120.

Soldatei buruz, eskuratutako igoeraren bitartez langile hauek Administrazio orokorrekoekin parekatzen direla nabarmendu du.

«Pribatizazioari mugak jartzeko urratsak ere jaso dira –nabarmendu du LABek–. Sukalde berriak egiten direnean, Hezkuntza Saileko langileak jarriko dira. Bertako langileak dituzten zentroetan, obrak direla eta garbitu beharreko metro kopurua handitzen bada, langile propioak kontratatuko dira. Era berean, ratioen beherakadaren ondorioz kontratazio-premia berriak sortuko balira, langile propioekin egingo lirateke».

Guzti honezaz gain, akordioak 16 urteren ondoren hitzarmen berria dakarrela txalotu du sindikatuak. Eta 2018an jada lan baldintzak hobetzea lortu zuela «mobilizazio eta greba dinamikari esker» aipatu du: «Borrokak merezi duela argi utzi du honek».

Pedrosa: «Paradigma aldaketa»

Begoña Pedrosa Hezkuntza arloko sailburuaren aburuz, lortutako akordioa «oso urrats garrantzitsua da kolektibo horren profesionalizazioan, eta hori oso albiste ona da. Funtzio eta erantzukizun berriak eta administrazio publikoarekiko soldata-parekatzea ere ezarri dira. Titulazio- eta prestakuntza-eskakizunetan eskakizun-maila bera izateak ordainsariak parekatzea dakar».

«Akordio horri esker, hezkuntzak zerbitzu publiko ezin hobea bermatzen du, eta zerbitzu hori berme osoz eskaintzen jarraituko da. Hezkuntzako sailburuak alderdi guztien artean akordio batera iristeko gaitasunari balioa eman dio, eta azpimarratu du negoziatzen jarraituko dutela, orain arte bezala, akordioak lortzeko benetako borondatearekin», erantsi du. Irakaslegoa dute orain mahaiaren bestaldean, akordiorik eskuratu ez den protesta honetan hirugarren esparruan.

Edukin zehatzen gainetik, «hitzarmen berriak paradigma-aldaketa ekarri du Hezkuntzako zerbitzuetako langileen
kontsiderazioan» Hezkuntza Sailaren ikuspegitik. «Besteak beste, apustu argia egin da langileak profesionalizatzearen alde, langile horiek izan behar dituzten prestakuntza-baldintzak eta titulazioak ezarrita. Era berean, lanbide-kategoria berriak sartu dira (lana antolatzeko eta gainbegiratzeko ardurak dituzten pertsonak, ikastetxeetako digitalizazio-prozesuen eta sistema informatikoen arduradunak), zeregin horiek profesionalizatzeko eta irakasleei ikastetxeetako informatika-sareetako gai operatiboenak, ikasleen eta irakasleen taldeak eta eguneroko arazoen konponketa (ezagutza eta denbora eskatzen dutenak) deskargatzeko».