NAIZ

Etxebizitzaren negozioaren aurkako Donostiako manifestazioak zenbait atxikimendu bildu ditu

‘Etxebizitzaren negozioari ez’ eta ‘Enpresari zein politikarien eskutik ez da irtenbiderik etorriko’ lemapean mobilizazioa deitu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak apirilaren 5ean Donostian. Espainiar Estatu mailan ere izango dira mobilizazioak.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako manifestazioaren propaganda.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako manifestazioaren propaganda. (EHESS)

Espainiar Estatu mailako deialdiei jarraituz, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak manifestazioa deitu du apirilaren 5ean, Donostian, etxebizitzaren negozioaren aurka eta etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde.

‘Etxebizitzaren negozioari ez’ eta ‘Enpresari zein politikarien eskutik ez da irtenbiderik etorriko’ lemapean deitu da mobilizazioa. Izan ere, sindikatuak kezkaz ikusten du nola «azken hilabeteetan argi geratu den politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabili» dutela.

«Administrazio ezberdinetatik hartu eta promozionatu diren neurrien izaera faltsua seinalatzea eta neurriok betetzen duten benetako funtzioa azaleratzea nahi dugu. Hau da, eskaintza falta bezala aurkezten den arazo baten testuinguruan, eskaintza areagotzeko etxebizitzaren negozioa are errentagarriagoa bihurtzea diru publikoa erabiliz eta instituzioek onura eta erraztasun legalak emanez sektore errentistari eta eraikuntzaren sektoreari», azaldu dute.

Izan ere, higiezinen negozioa hartu dute etxebizitzaren arazoaren errotzat: «Behin eta berriz sinetsarazten digute etxebizitzaren arazoa eskaintzaren eskasiatik datorrela eta, beraz, horren konponbidea eskaintza sustatzea eta merkatu hori erakargarriagoa eta errentagarriagoa bihurtzea dela. Errealitatetik oso urrun, higiezinen merkatua errentagarrienetako bat da, eta horregatik, hain zuzen ere, gero eta espekulatzaile eta jabe gehiagok harengan interesak dituztelako, etxebizitzaren arazoa larriagotu egin da: prezioen igoera, etxegabetzeen gorakada, maizterren babes juridikorik eza, desokupazio-enpresen gorakada...».

Hau horrela, planteatu daitezkeen neurri aringarriak higiezinen sektorearen irabaziaren kontura hartu behar direla nabarmendu dute. Gainera, etxebizitzaren arazoari irtenbide iraunkor eta unibertsala emateko, ezinbestekotzat jo dute desmerkantilizazioa: «Etxebizitza merkantzia bat den bitartean, eta desberdintasun sozial eta ekonomikoan oinarritutako gizarte batean bizi garenez, etxebizitzaren arazoak bere horretan jarraituko du. Etxebizitzaren arazoarekin bukatzeko modu bakarra gizarte berri bat eraikitzea da, non etxebizitza ez den merkantzia bat, eta baliabideak behar sozialen arabera planifikatzen diren».

Larunbateko manifestazioa 12.00etan aterako da Bulebarretik, eta bertan bukatuko da ere bai. Ibilbidean zehar salaketa ezberdinak eta momentu honetan borrokan dauden zenbait auzokideren borrokak presente egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.

Deialdira bazterketa soziala, arrazismoa eta etxebizitzaren problematika lantzen duten eragileena, hala nola, Berri-Otxoak, Argilan-ESK, Bizilagunekin Donostia, Meta Etxebizitza Taldea, CEAR Euskadi, Asociacion Gitana por el Futuro de Gipuzkoa, Mbolo Moye Doole, Salhaketa....