Iruñeko katedralean itxi dira bederatzi pertsona gaixo diren presoen askatasuna eskatzeko
Bederatzi laguneko taldea Iruñeko katedralera sartu da gaur arratsaldean Iosu Uribetxebarriaren eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko preso politikoen askatasuna eskatzeko. Bihar goizeko bederatziak artean egon asmo dute bertan.
Gaixotasun larria duten hamalau euskal preso politiko bakoitzeko ordu bana igaro asmo dute Iruñeko katedralean itxi diren bederatzi herritarrek. Iluntzeko zazpietan abiatu dute protesta eta bertan egongo dira ostiraleko goizeko bederatziak arte.
Hamalau preso hauek bizi duten egoeraren inguruan «alarma pizteko» abiatu dutela protesta adierazi dute eta bereziki Iosu Uribetxebarria presoaren egoera gogoratu dute. Hamalau preso hauen askatasuna «justizia kontua» dela adierazi dute, «albiste ona izango litzateke eta bakerako bidea erraztuko luke».
Denen esku hartzea beharrezkoa dela adierazi dute eta eliza katolikoari ere deia, «bere ekarpen txikia egin dezala bakea lortzeko eta gaixo diren presoen oinazea arintzeko».