INFO

EH Bildu: «Jendartea kokoteraino dago UPNren gobernuaz»

Greba orokorraren osteko balorazioan kalera irten ziren herritarrak zoriondu ditu koalizio abertzaleak, nafar jendartea UPNz eta PSNz «kokoteraino» dagoela uste dute eta aldaketa «gero eta beharrezkoagoa» dela. Barcinaren dimisioa eskatu dute eta hori «gehiengo soziala artikulatzetik» etorriko dela.

EH Bildu koalizioko kideen agerraldia, erdian Maitane Intxaurraga. EH BILDU

EH Bildu koalizioak asteazkeneko greba orokorrak Nafarroan izan zuen eragina baloratzeko agerraldia egin du Iruñean. Maitane Intxaurragak hartu du hitza koalizioaren izenean eta, mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrak zoriondu ostean, Yolanda Barcinaren Gobernuaren aldaketa «gero eta beharrezkoagoa» dela esan du. «Nafar jendartea kokoteraino dago UPNren gobernuaz, eta baita PSNz ere», independentisten ustez.

Egoera ekonomikoari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak aplikatu dituen neurriek «langabezia eta miseria gehiago» besterik ez dutela sortu esan du Intxaurragak eta galdera, ia non dauden murrizketekin sortuko omen ziren lanpostuak.

EH Bilduren ustez «ezgaitasun nabarmena» erakusten du Barcinaren Exekutiboak, aldaketa eman dadin «jendarte justuago baten alde» dauden guztien erantzuna beharrezkoa dela adierazi dute. Deia ere bai, egoeraren irakurketa bateratu bat egiteko.

Asteartean Madrilen izango den Autonomia Erkidegoen konferentzian Barcinak murrizketa berriak onartuko dituela uste du koalizioak. «Gure etorkizunari buruz hemen erabaki nahi dugu, ez Madrilen», diote independentistek eta Parlamentuaren gehiengoaren babesik ez duela gogorarazi diote Barcinari.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin «etorkizun oparo bat» elkarbanatu dezakeela Nafarroak uste dute eta aukera horrentzat ateak «parez pare» irekitzen ari direla.

Poliziaren erasoak, presioa eta irainak

Greba egunean Poliziak izandako jarrera ere salatu dute gaurko agerraldian independentistek eta hauen «kultura demokratiko eza» salatu dute. Aldarrikapenak era baketsuan egiten zituztenen aurkako erasoak, presioa eta irainak izan zirela salatu dute.