INFO

Baionan presoen eskubideen aldeko «urrats berri bat» egingo dela aurreratu du Herrirak

Aldez aurretik jasotako babesak eta atxikimenduak ikusita, Herrira mugimenduak nabarmendu du larunbatean Baionan egingo den manifestazioan «urrats berri bat» emango dela «euskal preso politikoak beraien eskubideen jabe izan daitezen».

Herrira mugimenduak Bilbon egin du agerraldia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Herrira mugimenduko ordezkari Ane Zelaia eta Nagore Garciak agerraldia egin dute Bilbon, larunbatean Baionako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartzeko azken deialdi bat plazaratzeko. 15.30ean abiatuko da mobilizazioa, hiriburu lapurtarreko Euskaldunen Plazatik.

Iragarri dutenez, larunbatean «urrats berri eta garrantzitsua» emango da euskal preso politikoak «beraien eskubideen jabe izan daitezen». Hala adierazten du, esan dutenaren arabera, deialdiak Euskal Herri osoan jaso duen babesak

Zelaiak eta Garciak baieztatu dute alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile andana batu direla deialdira eta, «pixkanaka, presoen eskubideen aldarrikapena babes berriak metatzen» ari dela azpimarratu dute. Hala ere, «espetxeetako egoerak, eta bi gobernuen jarrerek, baina egindako lana nahikoa ez dela» erakusten dute, Herriraren ustez.

Gogoratu dutenez, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek espetxean jarraitzen dute, sakabanaketak «samina eta sufrimendua eragiten» jarraitzen du eta, gainera, «bizi osorako espetxea suposatzen duen doktrina» indarrean dirau.

Horregatik, «konponbidearen baitan, gatazkaren ondorioen inguruan neurri sakonak hartu behar direla» nabarmendu dute, «tartean presoei dagozkienak». «Espetxeak husteko garaiak dira, gatazka atzean uzteak gatazkaren ondorioak gainditzea esan nahi duen neurriak», adierazi dute.

Baina azken asteotan «bestelako jarrera» erakutsi du Parisko Gobernuak, Herriraren arabera. Aurore Martinen kasuak eta beste espetxeratzeek «frantziar Gobernuak konponbide prozesuaren aurrean duen jarrera negatiboa erakusten» duela azaldu dute Garciak eta Zelaiak.

«Honez gain, –zehaztu dute– Madrilen idatzitako espetxe politikaren plana zintzo jarraitzen dute gaur gaurkoz Parisen, bizi osorako espetxe zigorrei bide emanez, eta presoak ehunka kilometrotara sakabanatuz».

Herriraren aburuz, oinarrizko giza eskubideen bermeak «sufrimendu askoren amaiera ekarriko luke. Giza eskubideen bermea, urrats berri bat litzateke herri honetako eremu zabalek desiratzen duten bakera heltzeko».

Bide horretan, preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko mugimenduak «beharrezko» iritzi dio erakundeen inplikazioari. Ipar Euskal Herriko hautetsien biltzarrak emandako babesa positibotzat hartu ondoren, dei egin diote EAEn osatzekoa den Parlamentuari, «jokatzeko duen paper garrantzitsua» aintzat hartuta, «afera honetan jarrera positibo batekin aritu daitezen».

Herritarren inplikazioa ere funtsezkoa dela azpimarratu dute eta, hortaz, Baionako kaleak betetzeko deia egin diete herritarrei.

Azkenik, beren oinarrizko eskubideen alde gose greban dauden preso kurduei ere elkartasuna adierazi die Herrira mugimenduak.