INFO

Diputazioaren elkarlanerako eta akordiorako gaitasuna nabarmendu du Martin Garitanok

Martin Garitano ahaldun nagusia pozik agertu da Gipuzkoak 2013an aurrekontu «aurrerakoiak» izango dituelako, PSE eta Aralarrekin lortutako akordioari esker. Foru Aldundiaren elkarlanerako eta akordioak lortzeko gaitasuna nabarmendu du, eta EAJk ez duela hitzarmena baldintzatzea lortu.

Martin Garitanok agerraldia egin du aurrekontuen inguruko akordioa baloratzeko. (ARGAZKI PRESS)

Martin Garitanok agerraldia egin du atzo PSE eta Aralarrekin 2013ko aurrekontuak aurrera ateratzeko lortutako akordioaren balorazioa egiteko. Pozik mintzatu da, Gipuzkoak datorren urtean kontu «aurrerakoiak eta ezkerrekoak» izango dituelako, eta erantsitako zuzenketei esker foru Gobernuaren proiektua aberastu egin delako.

Gipuzkoako Diputazioa 2013ko aurrekontuak onartzen lehena izan dela nabarmendu du Garitanok, gainontzeko erakundeek oraindik prozesua bideratu gabe duten bitartean.

Horrekin batera, egungo egoera ekonomikoa oso zaila izan arren, aurrekontuak «garaiz eta ganoraz» prestatzea lortu duela esan du, «behar beharrezkoa ez dena alde batera utzita eta benetan funtsezkoa dena indartuz: gizarte politika bultzatuz eta Madrildik inposatu nahi diren murrizketei aurre eginez».

Aldundiak hasieratik elkarlanerako asmoa erakutsi eta elkarlanean aritzeko eta akordioak erdiesteko gaitasuna frogatu du diputatu nagusiaren ustez. «Honek guztiak erakusten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitasuna», esan du.

EAJri dagokionez, akordioa baldintzatzen saiatu arren ez duela lortu nabarmendu du. «Gobernuak argi du hondakinen inguruko akordioa lortzea ona dela, desiragarria, eta hain zuzen horregatik erabaki zuen gaia aurrekontuen eztabaidatik ateratzea, eztabaida horrek ez baitu aurrekontuekin zerikusirik. EAJ kontrako norabidean aritu da, baina ez du lortu».

Aurrerantzean ere Gipuzkoak dituen erronkei aurre egiteko elkarlana bultzatuko duela adierazi du, «hondakinen kudeaketan, fiskalitatean edo errepideen finantziazioan».