INFO

EiTBk nazio eraikuntzan aurrera egiteko tresna izan beharko lukeela uste du EH Bilduk

Euskal Herria Bildu koalizio abertzalearen aburuz, EiTBk «jatorriko izaera eta izpiritua» berreskuratu behar lituzke eta, «alderdikerietan jausi gabe», «nazio eraikuntzan» lagundu. Zentzu horretan, EAEren beharrei ez ezik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarenei erantzuteko eskatu dute.


Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, EH Bilduko bozeramale Laura Mintegik EiTBren zuzendaritza berria hautatzeko prozesuaren inguruko hausnarketa egin du.

Unai Urruzuno eta Estitxu Breñasekin batera eskainitako prentsaurrean, Alberto Surio ordezkatuko duen pertsonak izan beharko lukeen profila deskribatzeaz gain, datozen urteotan EAEko irrati-telebista publikoak jarraitu beharko lukeen bidea azaldu dute.

Mintegik azaldu duenez, EiTBk «jatorriko izaera eta izpiritua» berreskuratu biharko lituzkete. Jatorrian ardatz zituen «euskararen eta gizarte kohesioaren defentsa eta sustapena» galdu egin dituela nabarmendu du koalizioak, azken urteotan zerbitzu publiko horri emandako erabilera «alderdikoia» dela-eta.

EiTB euskara erabiltzaileen komunitate osoaren mesedetan jarri beharko litzatekeela zehaztu du koalizioak, EAEtik haratago dauden herrialdeak barne. Horregatik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko errealitateak ere aintzat hartu eta irudikatu beharko lituzketela nabarmendu du Mintegik.

Zuzendaria eta haren profila

EAEko irrati-telebista publikoaren hurrengo zuzendariari buruz, adierazi dute, izenez mintzatu baino lehen, EAJrekin pertsona horren profila adostu beharko litzatekeela, euskalduna eta euskaltzalea dela, EiTB ondo ezagutzen duela eta hura nazio eraikuntzarako tresna gisa erabiliko dela bermatzeko.

Zuzendari berria proposatzea Lakuako Gobernuari dagokio –Mikel Agirre da hainbat iturrik aipatzen duten izena–, baina Gasteizko Legebiltzarraren berrespena beharrezkoa da. Hortaz, EAJk beste alderdiren baten babesa beharko du.

Koalizioak azaldu du EAJrekin kontaktuan jarri dela, Alberto Surioren ordezkoaren inguruan negoziazioak abiatzeko.