Botereak, legeak, erakundeak eta jokabideak aldatzeko eskatu du Aralarrek ustelkeria bukatzeko
Ustelkeria sistema politikoaren zati eta osagarri dela iritzi dio Aralarrek eta hura «erro-errotik» mozteko beharrezkotzat jo du lege eta neurri berriak eraikitzea.
Dani Maeztu, Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta prentsaurrean agertu dira gaur akzen egunetan Hego Euskal Herrian zein Estatu espainolean argitara eman diren ustelkeria kasuen inguruko balorazioa egiteko. Nafarroan CANeko auzia eta Madrilen Luis Barcenasek PPren baitan sortutakoa izan dute mintzagai.
Ustelkeria sistemaren zatia eta osagarria dela iritzi dio alderdiak eta hura «erro-errotik» mozteko beharrezkotzat jo du lege eta neurri berriak eraikitzea. «Botereak, legeak, erakundeak eta jokabideak aldatu behar dira», bere ustez.
Aralarren esanetan, ustelkeriaren aurrean «funtsezkoa» da kontrol publikoa bermatzea eta gogortzea, eta politikagintza gardena agendaren lehen lerrora ekartzea. «Behar beharrezkoa eta premiazkoa da politikaren balorea eta izen ona errekuperatzeko, alde batetik politikari ustel eta iruzurgile guztiak politikatik kanpo kokatzea; horretarako, alderdien aldetik edozein susmoen aurrean gardentasun osoz jokatuz, hartu beharreko neurri guztiak hartuaz, baita dimisioak edo eta kargu gabetzeak. eta bestetik, instituzioetan eta instituzioen ingurumarian kokatzen diren partaidetza publikoko erakundeek (enpresa, sozietateak) iruzurrari ateak ixtea», nabarmendu dute.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko hautuaren alde egin du Aralarrek, saskian sagar ustel bat egoteak ez baitu esan nahi guztiak ustelduta daudenik, haien hitzetan.