INFO

ELArekin bildu da Herrira harreman dinamika baten baitan

Martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren kasua aztertuko duela eta, ELArekin bildu da Herrira mugimendua Donostian. Eragile bakoitzak, «nork bere eremuan», ‘Parot doktrina’ren aurkako sentsibilizazio, salaketa eta mobilizazio bideak aztertu ditzala adostu dute.

Manu Ugartemendia eta Jon Garay Herrirako kideak Xabier Anza eta Patxi Agirrezabalaga ELAko ordezkariekin. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak martxoaren 20an Ines del Rio-ren kasua aztertuko duela eta, Herrira mugimenduak harreran bira abiatu du alderdi, sindikatu eta eragile ezberdinekin. Bilera hauen helburua, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen mezua Europara eramatea dela azaldu dute.

Harreman dinamikaren baitan ELAko ordezkaritza batekin bildu dira Manu Ugartemendia eta Jon Garay Herrirako kideak. Bertan, euskal gizarteak Estrasburgoko auzitegiaren erabakiarekin bat egiten duela azaleratzeko ekitaldi unitario batetaz hitz egin dute.

Era berean, eragile bakoitzak, «nork bere eremuan», sentsibilizazio, salaketa eta mobilizazio bideak aztertu ditzala adostu dute, ‘Parot doktrina’ indargabetu dadila eskatzeko.

Azkenik, gogoeta prozesu bat abiatzea adostu dute, ‘Parot doktrina’ bertan behera uzten ez badute eragile politiko, sindikal eta sozialen eginkizuna finkatzeko.

Egun hauetan bilerekin jarraituko duela adierazi du Herrirak. Hala ere, eragile zein norbanakoentzat irekiak izango diren bi bileren berri eman du. Bata Bilbon izango da, otsailaren 20an Herrira-ren egoitzan 18.30tan. Bestea Iruñean egingo dute, otsailaren 21ean Zabaldin, 18.30tan hau ere.