Atez ateko bilketa abiatuko dute Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon hilaren 21ean
Martxoaren 21etik aurrera, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon atez ateko sistemarekin bilduko dituzte hondakinak.
Sasietako mankomunitateko presidente Azeari Andonegik eta Legorretako, Zalbidiako eta Itsasondoko alkate diren Bakartxo Mendez, Joxan Etxabe eta Axier Garrok adierazi dutenez, hurrengo larunbatetik hasita eta martxoaren 20ra bitarte, atez ateko bilketa egiteko beharrezkoa den materiala banatuko dute hiru herrietan.
Andonegiren arabera, sistema berri horrekin hondakinen %80 birziklatuko da eta 40 puntutan igoko du egungo birziklapenaren tasa.
«Goierrin garapen handia izan dugu, bataz beste %39 birziklatzen baitugu, baina pauso berri bat emateko ordua heldu da, eta Legorretako, Zaldibiako eta Itsasondoko bizilagunei esker, pauso hori irmo ematea lortuko dugu», esan du.
Sasietako Mankomunitateak dohan banatuko ditu hiriguneetako bizilagunen artean kuboak, konpostajerako poltsak eta hondakinak era egokian banatzeko gida bat. Mendi inguruetan eta kanpokaldeetan bizi direnei, txartel elektroniko bat emango zaie ekarpen komunitarioan parte har dezaten.
Atez atekoa Gipuzkoako beste hainbat herritara helduko da datozen hilabeteetan. Zizurkilen, Iruran, Anoetan, Alegian eta Amasa-Villabonan uda aurretik hasiko dira sistema berria erabiltzen.