Xabi Aranburuk eta Julen Mujikak gose greba utzi dute, Aranbururen egoera hobetu ondoren
Xabier Aranburu eta Julen Mujika euskal presoek burutzen ari ziren gose greba amaitutzat eman dute, Aranbururen espetxe baldintzen hobetzea lortu ondoren.
Ohar baten bitartez Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Aranburu eta Mujika euskal preso politikoek bertan behera utzi dute ondarroarraren espetxe baldintzak salatzeko burutzen ari ziren gose greba.
Lagun batekin bisita izan ondoren jakin zuen Etxeratek Aranburuk Muret Seysseseko espetxean bizi duen egoera larriaren berri.
Funtzionario batekin eztabaidaren ondoren, zigor ziegara bidali zuten, eta bertan «oso baldintza gogorrak» bizi izan ditu: «biluzik, gauetan ordubetero esnatzen zutelarik, ostikadak jasoz, dutxatzeko ur hotzarekin eta toalla eta txankletarik gabe».
Egoeraren larria ikusita, Aranburuk gose eta egarri greba hasi zuen iragan asteartean –larunbatean utzi zuen egarri greba– eta espetxe berean dagoen Julen Mujikak, gertatzen ari zena jakin zuenean, jakiak hartzeari utzi zion ere. Muret Seyssesen dagoen Juan Carlos Estevez presoa ere itxialdia burutzen ari da, ondarroarraren egoera eta bera ere bakarturik dagoela salatzeko.
Euskal Herrian eta espetxe atarian gertatzen ari zena arbuiatzeko mobilizazioak egin dira.
Aranbururen senideek beren kezka agertu zioten igande goizean une hartan espetxean zegoen arduradunari eta honek esan zien ondarroarra «zigortuta dagoela eta bere buruari minik ez egiteko kendu zizkiotela arropak eta atzo pijama bat eman ziotela janzteko».
Kolpeei eta gainerako zigorrei buruz galdetu ziotenean, aldiz, «ez jakinarena egin zuen».
Aranbururen abokatua astelehen honetan Muret Seyssesen egon da, eta hark adierazi duenez, haren baldintzak hobetu egin dira: ur beroa du eta janzteko zerbait eman diote.
Ondarroarrak «mitard»-ean jarraituko duen arren, gose greba bukatzea ebatzi dute Aranburuk berak eta Mujikak.