Sortu: «Baldintzak daude gatazkaren konponbiderako elkarrizketa prozesu baterako»
Azken asteotako gertaerei erreparatuta, Sortuk baieztatu du gatazka politikoaren behin betiko gaindipenerako gehiengo sozial eta politiko baten apustua badagoela eta, errealitate horren aurrean, Madrilen agindupean normalizazio politikoaren aldeko «edozein urrats oztopatu» nahi duen gutxiengoa. Sortuk uste du «baldintza nahikoak» badaudela gatazkaren konponbide osorako elkarrizketa prozesu bat gauzatzeko.
Donostian eginiko agerraldi batean, Sorturen bozeramale Pernando Barrena eta Amaia Izkok, azken asteotan agenda politikoa baldintzatu duten gertaerak hartu dituzte hizpide: Bake prozesua indartzeko Foro Soziala, 197/2006 doktrinaren inguruko saioa Estrasburgon edota Gasteizko Legebiltzarrean bake ponentzia eratzeko saio antzua.
Sorturen arabera, gertaerok Euskal Herriak «azken urteotan bizi duen errealitatea» islatzen du: «Gatazka politikoaren behin betiko gaindipenerako gehiengo sozial eta politiko baten aldeko apustuak, borondateak eta konpromisoak sorturiko errealitatea».
Era berean, badago, Sorturen arabera, Estatu espainolaren «agindupean» normalizazio politiko eta demokratikoan edozein urrats oztopatu eta saboteatu nahi duen gutxiengo bat.
«Gertaera jakin batek ikuspegi orokorra estal dezakeen egoera honetan», Sortu adierazi du «baldintza nahikoak badaudela gatazkaren konponbide osorako elkarrizketa prozesu bat gauzatzeko, bere osotasunean eta bere ondorio guztiekin».
Zentzu horretan, gogora ekarri dute Aieteko Adierazpenak zehazturiko bide-orri bat badagoela; Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek gatazkari amaiera ordenatu batean emateko laguntza eta prestutasuna azaldu dutela; ETAk adierazitako borondate irmo bat dagoela, gatazkaren ondorioen inguruan Madril eta Parisekin elkarrizketak abiatzeko; eta badaoela gehiengo sozial bat dagoela «elkarrizketa begi onez ikusteaz gain, eragile guztioi ardura exijitzen diguna».
Izko eta Barrenaren esanetan, Estatuaren «blokeo estrategia» ez dela bere helburuak lortzen ari eta Euskal Herriak «argi» duela «aitzakia eta blokeoaren faseak amaitu egin behar duela», euskal jendartearen borondatea ezin dela «gutxietsia eta boikotatua» izan.
«Euskal jendarteak espazio barneratzaileak nahi ditu, indar politiko guztien arteko oinarrizko adostasunak lortu eta bake eta demokrazia marko bat egonkortu dadin», nabarmendu dute.
Sorturen aburuz, konponbidearekiko babes soziala eta nazioarteko komunitatearen lana «erabakigarriak» izango dira prozesuaren egungo parametroak mugiaratzeko.
Bide horretan, Sortuk bere «prestutasun eta borondate osoa» adierazi du «konponbidearen aldeko ekimen guztietan ekarpena burutzeko, bai izaera sozialeko horietan, bai eta instituzio ezberdinetan garatuko diren horietan».