Donostiako Bulebarreko «herri harresia» sendotzeko deia egin dute lehen gauaren ostean
Aske Gunean lehen gauean ehunka pertsona izan dira Donostiako zortzi gazte zigortuen babeserako «herri harresian». Gaua pasata, babes hori indartzeko deia egin dute, «denborak gure aldeko faktorea izan behar du, gaur 400 izan badira… honek goruntz joan behar du». Gaur Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarekin izango dira, besteak beste, eta 12.00etan eta 19.30ean kontzentrazio bana izango dira.
Donostiako Bulebarraren irudia goitik behera aldatu dute bart gauean zortzi gazte zigortuak espetxera eraman ez ditzaten sortutako «herri harresian» elkartu direnek. Ehunka zaku eta lotarako zerria soinean hartuta 400 bat herritar elkartu dira babes eremu horretan. Aske Gunea-tik Beñat Apalategik Info7 irratiari egindako adierazpenetan gunea azkartzeko deia egin du, «gaur 400 izan badira... honek goruntz joan behar du». Denboraren iragateak kaltegarri baino, aldeko faktore behar duela izan nabarmendu du eta herritarrei bertaratzeko deia berretsi die.
Gaua Bulebarrean pasa dutenek lasaia izan dela adierazi dute, Ertzaintzaren autoak behin baino gehiagotan pasa dira eta tentsioa lagun izan dira bertaratutakoak. Goizeko lehen orduan Gros auzo inguruan ere ikusi dute Polizia, baina oraingoz Bulebarrean bertan ez dira agertu.
Atzo jakinarazi zuten Donostiako zortzi zigortuek atxiloketa agindua jaso zutela, hortik aurrera Poliziak berak behar du erabaki noiz eta nola burutu atxiloketa. Edozein momentutan izan daitekeela kontuan hartuta, Aske Gunea etenik gabeko babes eremua bilakatu dute.
Egitarauarekin normaltasunez jarraitzea erabaki dute Donostiako elkartasun gunean. Gaur Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarekin izango dira eta hainbat tailer antolatu dituzte. 12.00etan eta 19.30ean izango dira kontzentrazioak, eguneroko moduan.
Twitter kontu batzuk itxita
Sare sozialetan ere Aske Gune paralelo moduko bat sortu da, asko baitira Twitter, Facebook eta antzeko erreminten bidez Donostiako egoeraren berri zabaltzen ari direnak. Aske Gunea bera ere zuzeneko informatzaile bilakatu da, horretarako propio sortutako blogaren bidez eta Twitterren. Goizean Aske Gunearen berri emateko hainbat hizkuntzetan sortutako kontuak itxi dituztela iragarri dute:
Beste hizkuntzetan informatzen zuten kontuak itxi dizkigute, hemen gertatzen dena kanpoan jakiteak min ematen baitie. Berriz sortuko ditugu!
— AskeGunea (@AskeGunea) 2013 apirila 17
Atxiloketa unea helduko balitz une oro norbait argazkiak ateratzen egotea ere eskatu dute. Twitterren euskaraz #AskeGunea eta #Herriharresia hitz gakoak darabiltzate txioetan eta #Donostia8 beste hizkuntzetan.