INFO

Cabacasen gurasoak Gasteizko Legebiltzarrean izango dira

Orain urtebete Ertzaintzaren pilotakada baten eraginez hildako Iñigo Cabacas gaztearen guraso eta abokatuak Gasteizko Legebiltzarrean hitz egingo dute gaur.


Agerraldia Iñigo Cabacasen gurasoek eskatutakoa izan da eta Instituzio, Segurtasun eta Justizia Batzordearen aurrean izango da, 12.00etan. Bertan, Basauriko gaztearen heriotzaren inguruko auziari buruz hitz egingo dute eta Legebiltzarrari babesa eskatuko diote.

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean hil zen Ertzaintzaren pilotakada baten eraginez, Bilbon, Athtleticek Schalke 04 taldearen aurka jokatutako partidaren ondoren.

Ertzaintzaren jokabidea auzitan jarri izan da askotan, baita Manuel eta Josefina gurasoek ere. Erantzun eske ari dira, semearekin gertatutakoa argitzeko.

NAIZek eta GARA egunkariak kaleratutako ertzainen arteko elkarrizketek argia eman diote auziari eta aste honetan bertan estreinatutako ‘Iñigo Cabacas. Cronica de una herida abierta’ dokumentalak lekukoen, senide eta lagunen testigantzak biltzen ditu gaur hartan gertatutakoaren inguruan.