INFO

Enrique Mayaren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du fiskalak

Nafarroako Kutxaren dieten ikerketan Enrique Maya Iruñeko alkatearen aurkako auzia artxibatzeko eskatu dio fiskalak epaileari, deliturik ez zuela egin uste baitu.

Enrique Maya Iruñeko alkatea, osoko bilkura batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Kutxaren (CAN) dieten ikerketa zuzentzen duen Maria Paz Benito epaileari Enrique Mayaren auzia artxibatzeko eskatu dio fiskalak, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak azaldu duenez.

Fiskalaren ustez, Iruñeko alkateak ez zuen «eroskeria» deliturik egin eta, horrenbestez, bere aurkako auzia behin behinean artxibatzeko galdegin dio. Argudiatu duenez, Maya alkate izendatu zutenean, 2011ko ekainaren 11an, dagoeneko osatua zegoen Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzordea eta Mayak organo horretako lehendakariorde kargua hartu zuenerako hainbat bilera eginak ziren.

Entitate Sortzaileen Batzordea arautu zenean Batzorde Iraunkor izena hartu zuen eta hori indarrean sartu zen 2011ko ekainaren 24an. Fiskalak dionez, Mayak lehen aldiz organo horretan uztailaren 22an parte hartu zuen, eta ondoren abuztuaren 30ean (bi bilera) eta irailaren 26an. Lau saio horiengatik dago auzipetua Iruñeko alkatea baina, fiskalak dionez, araudia indarrean zela parte hartu zuen guztietan, aldez aurretik deialdia eginda zegoela eta CANeko estatutuetan jasotzen zenaren arabera.

Mayak 1.201 euro jaso zituen saio bakoitzeko. Fiskalak bere idatzian argudiatu duenez, CANek berak finkatutako dietak jaso zituen alkateak, «ez opariak». Horregatik, deliturik ez zuela egin defendatu du.

Enrique Mayak berak inputazioa altxatzeko eskatu zion duela zenbait egun epaileari eta atzo esan zuenez, Maria Paz Benitok eskaera aintzat hartzea espero du.

Iruñeko alkatea dieten auzian auzipetuta dago, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Alvaro Miranda Ekonomia sailburu ohia eta Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiarekin batera.

Berri «positiboa»

Enrique Mayak «positiboki» baloratu du Fiskaltzak egindako eskaera, «baina orain epaileak instrukzio fasea amaitu artean itxaron beharra dago». «Ez daukat ezer gehiago esateko», adierazi du Iruñeko alkateak.