INFO

Indarkeria matxistaren aurkako plan integrala eskatu du EH Bilduk

Azken asteotan emakumeen aurka izan diren erasoek «agerian» utzi dute, EH Bilduren iritziz, indarkeria matxistaren aurkako «emergentziazko plan integral baten beharra».


EH Bilduk agerraldia egin du azken asteotan izan diren emakumeen aurkako erasoak salatzeko. Koalizioaren aburuz, Laudion eta Bilbon izan diren azken kasuek «agerian» utzi dute indarkeria matxistaren aurkako «emergentziazko plan integral baten beharra, prebentzio politikak sustatzeko, instituzio bakoitzaren eskuduntzak zehazteko eta biktimei eman beharreko erantzuna koordinatua izan dadila bermatzeko».

Diana Urrea eta Arri Zulaika legebiltzarkideek iragarri dutenez, datorren ostiralean Gasteizko Parlamentuan egingo den kontrolerako osoko bilkuran «emakumeek pairatzen duten egoera bortitz horri erantzun sendoa» emateko eskatuko diote Lakuako Gobernuari. Gizarte prestazioetan edota lan baldintzetan egiten ari diren murrizketak «emakumezkoen kontrako egiturazko indarkeria eta babesgabetasuna areagotzen» ari direla ohartarazi dute.

EH Bilduk «emergentziazko plan integral bat» proposatu du. Funtsezko ezaugarria erasotzaileen «etengabeko jazarpen eta zaintzaa» izango litzateke, «beraiek izan daitezen kontrolpean daudenak, eta ez euren biktimak». Horretarako Berdintasunari buruzko legea aldatu behar bada, aldatzeko eskatu dute.

Horrekin batera, lan-mahai bat osatzea proposatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek, «adituek eta mugimendu feministak modu iraunkorrean eta aktiboan parte hartzeko tresna gisa, indarkeria matxistaren aurkako borrokan gaur egun martxan dauden politikak aztertzeko eta proposamen berriak egiteko».