Urtza Alkortaren atxiloketa justifikatzeko Lakua «gezurretan» aritu zela salatu du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak baieztatu du argitara eman den auto judizialak agerian utzi duela Segurtasun Saila «gezurretan» aritu zela Urtza Alkortaren atxiloketa justifikatzeko. Arrazoi honengatik azalpenak eskatu dizkio Euskal Herria Bilduk Estefania Beltran de Heredia sailburuari.
Julen Arzuaga EH Bilduren ordezkariak azalpenak eskatu dizkio Legebiltzarrean Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuari, argitzeko zergatik izan zen Ertzaintza Urtza Alkorta atxilotu egin zuena, Ondarroan maiatzaren 15ean.
Operazio hura justifikatzeko, Ertzaintzak agindu judizialak derrigorrez bete behar dituela argudiatu zituen sailburuak, baina gaur GARAk argitaratu duen informazioak auto judizial bat aipatzen du, zeinetan Auzitegi Nazionalak Polizia espainolari eta Guardia Zibilari agindu ziela Urtza Alkortaren atxiloketa.
Arzuagaren esanetan, «Auzitegi Nazionalaren autoa argia da eta frogatzen du sailburua gezurretan ari zela, Ertzaintzak ez zuelako inolako agindurik jaso; Ertzaintza bera izan zen bere burua atxiloketa hori egiteko eskaini zuena, Auzitegian dauden dokumentuen arabera».
EH Bilduko legebiltzarkideak horren zergaitia azaltzeko eskatu dio sailburuari, bere hitzen eta agirien artean dauden «kontraesanak edo gezurrak» argitzeko.
Arzuagaren irudiko, «autoak erakusten du Segurtasun Saila, publikoki kontrakoa esan arren, Urtza Alkorta atxilotzeko irrikitan zegoela».