Dimisio eskaerei elkarrizketarako gonbitearekin erantzun die Morsik
Egiptok bizi duen krisiaren «irtenbide bakarra» elkarrizketa dela adierazi du herrialde horretako Presidentetzak, Mohamed Morsi Estatu buruaren dimisioa eskatzen duten mobilizazio jendetsuei erantzuteko. Duela urtebete hartu zuen Morsik kargua.
Ihab Fahmi Egiptoko Presidentetzako bozeramaleak prentsaurreko batean adierazi duenez, Morsi elkarrizketarako prest dago, hori baita ezberdintasunak gainditzea ahalbidetuko duen «nazio akordio bat erdiesteko bide bakarra».
«Elkarrizketa beste neurririk ez dago aplikatzeko. Ez dago benetako berradiskidetze nazionalera heltzeko beste alternatibarik», nabarmendu du Fahmik.
Zentzu horretan, ideia desberdinak edukitzea «demokraziaren ezaugarri» dela azaldu du, eta manifestazioetan parte hartzen ari direnei lasaitasunerako deia eginez.
Igande honetan bete du Morsik lehen urtea Egiptoko presidente gisa eta, data horren karietara, protesta jendetsu ugari izan da Tahrir plazan, Presidentzaren egoitzan eta herrialdeko beste hainbat puntutan.
Horietako zenbaitetan istiluak egon dira eta 22 urteko gazte bat hil egin da. 174 lagun zauritu dira.
Mena albiste agentziak adierazi duenez, 46 lagun gutxienez atxilotu dituzte hiriburuan, manifestazioetara armak eramateagatik.
Horrez gain, Anaia Musulmanen egoitza nagusiari molotov koktelekin eraso egin diote.