INFO
Entrevista
Joseba Alvarez eta Olatz Izagirre
Auziperatuak eta ‘Libre’ dinamikako bultzatzaileak

«Auziperatuak gu gara, baina arazoa herri osoarena da»

Urrian Madrilen epaituko dituzten 80 euskal hiritarrek ‘Libre’ ekimena aurkeztu dute aste honetan. Prozesu politikoen aurka zabalduta dagoen iritzia eraginkor egin nahi dute, epaiketok behingoz amai daitezen. Zerrenda oraindik luzea dela gogoratu eta arazoa ez dela soilik auziperatuena nabarmendu dute, sakoneko helburua konponbide prozesua bera oztopatzea baita.

Olatz Izagirre eta Joseba Alvarez. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Datorren udazkenean 80 euskal herritar epaituko dituzte Madrilen. ‘Libre’ dinamikaren baitan halako epaiketen amaieren beharraz eta konponbide prozesua oztopatzeaz mintzatu dira Joseba Alvarez eta Olatz Izagirre auzipetuak.

’Libre’ izena eman diozue dinamika honi. Zer irudikatu nahi izan duzue horrekin, zein da asmoa?
Joseba ALVAREZ: Hurrengo hilabeteetan Madrilen egingo diren epaiketak ezberdinak dira, baina oinarri berdina dute: eskubide zibil eta politikoen ukapena. Hari bera dago atzean eta horregatik ideia nagusi hori borobildu dezakeen hitza behar genuen. ‘Libre’ hitzak jasotzen du hari hori, indibidualki zein kolektiboki libre izatea delako gure helburua: libre bizitzea, politika egiteko askatasuna izatea, elkartzeko askatasuna...

Olatz IZAGIRRE: ‘Libre’ ez da soilik elkartasun dinamika bat, ez eta erantzun dinamika bat ere, 80 auziperatuen askatasuna ez delako jokoan dagoen bakarra, herri osoaren libre izateko eskubidea baizik.

J.A: Horregatik, Libre dinamika ez da inorena ere. Norberak bere ezaugarri eta kokapenaren arabera ikusi behar du zer ekarpen egin diezaiokeen. Guk lema bat jartzen dugu gizartearen esku, printzipio horien alde dagoen edonor aktibatzeko asmoz. Ea lortzen dugun.

Auzipetuok hartu duzue dinamika bultzatzeko ardura. Ez duzue beste inoren esku utzi...
O.I: Auziperatuok jartzen dugu martxan, baina dinamika herrietan errotzea da asmoa, eta bertan ahalik eta indar gehien biltzea: indar politikoak, sozialak, sindikatuak, eremu ezberdinetakoak...

J.A: Inputatu bezala, iniziatiba hartu behar genuen. Aurretik hainbat intelektual eta profesionalek egin zuten beren irakurketa honelako epaiketen kontra. Beraien bost puntuko dokumentuarekin bat egin dugu, baina ezinbesteko ikusten genuen herri erantzuna aktibatzea eta elkartasunetik konpromisora pasatzea. Azken finean, epaiketa hauekin normalizazio prozesu oso bat gelditu nahi dute, eta prozesu horrek arlo guztietan eragiten du: erakundeetan, esparru sindikalean, kulturalean, kirol mailan... Guk ez diegu eragileoi zer egin behar duten esaten, baina epaiketa hauen aurka eta printzipio demokratiko hauen alde dauden neurrian, interpelatu egiten ditugu, konpromiso zehatzak hartzeko.

Interpelazio zabal honek zer esan nahi du? Aurreko epaiketa politikoen aurrean erantzuna ez dela nahikoa edo egokia izan? Hori ulertu behar al da?
J.A: Erantzuna egon da, baina ez dela nahikoa ikusi da. Horrez gain, orain beste fase batean gaude, bi urte pasatu dira Aietekotik eta ETAren erabakitik, Euskal Herrian oso zabaldua dago konponbide integralaren beharra... eta orain juxtu aktibatzen dituzte epaiketa hauek. Ez da kasualitatea. Horregatik, beste garai batean metatu zena baina indar gehiago meta daitekeela pentsatzen dugu. Gaur egun ez dago aitzakiarik. Estatuaren aldetiko erasoa ere, orain inoiz baino garbiagoa da. Beste ezaugarri bat ere badago: 60 bat herritako jendea dago sumario hauetan, lurraldeka oso zabalduta dago eraso hau, Ipar Euskal Herriko bi auzipetu ere badira, Arabakoak, Nafarroakoak, ia eskualde guztietakoak...

O.I: Garai berriak dira eta herri harresirik handiena eraiki behar dugu, behingoz epaiketa hauekin bukatzeko. Horri begira, badaude ekimen batzuk nazio mailakoak, esaterako urriaren 26ko manifestazioa, baina beharrezko ikusten dugu ere herritik, behetik, ekitea. Lehen ikusten ez genuen aukera berria badago hor, elkarlanerako.

Aurreko antzeko makroepaiketa batzuetan absoluzioa eman da azkenean: Udalbiltza, ‘Egunkaria’, D3M... Baten batek esan dezake: «Hau iraganeko kontua da, errugabe aterako dira...». Hori oztopo izan daiteke martxan jarri duzuen ekimena arrakastatsua izan dadin?
J.A: Kontuz horrekin. Esaterako, Arnaldok, Rafak, Mirenek, Arkaitzek eta Soniak barruan segitzen dute, e? Ez dezagun ahaztu.

O.I: Zigor epai asko ezagutu ditugu azken bolada honetan, jende asko joan da espetxera: Donostiakoak, oraingo Iruñerriko gazteena hor dago...

J.A: Eta ez da hori bakarrik. Epaiketa hauekin amaitu behar da behingoz. Horrelako epaiketek ez dute inolako zentzurik egoera honetan. Hain nabaria da hori... Dagoen agertoki berrian eta mahai gainean dauden aukerak izanda, oraindik ere Estatuaren partetik epaiketa hauek egitea erantzun bakarra izatea eskandalagarria da. Guri dagokigu suposatzen dion kostua igotzea, kostu hori lortzen duen etekina baino handiagoa izan arte.

O.I: Prozesuan markatu ziren fase ezberdinetatik, oraindik lehenengoan gaude, baldintza demokratikoak oraindik ez ditugu lortu. Hor eduki nahi gaituzte etengabe, arazo politikoa planteatzeko fasean baino. Epaiketa hauetan islatzen da Gobernuaren posizioa.

J.A: Ondorioz, auziperatuak gu gara baina arazoa herri osoarena da. Eta pentsatzen dugu horretxegatik dinamika honek oso transbertsala behar duela izan.

Maila pertsonalean, Estatuaren estrategia horren gatibu sentitzen al zarete?
O.I: Argi dago. Estatuak ez du inolako urratsik eman nahi eta gu erabiltzen gaitu blokeo horretarako, baita urtebetez ezker abertzaleari ahalik eta min handiena egiteko ere. Azken finean, 80 pertsona Madrilen izateak eragina du. Maila pertsonalean, berriz, espetxearen mamua hor dago: bazoaz aurrera zure bizitzarekin, baina...

J.A: Ezker abertzaleak aldebakartasunetik ekiteko erabakia hartu zuenetik, Estatuari eragiteko esparrua gutxitzen ari zaio. Nondik egin dezake, zer du eskuetan horretarako? Bi gauza baino ez: batetik presoak, eta horregatik dituzte dauden egoera gogorrean, eta, bestetik, sumario hauek.

Nazioartean eragiteko asmorik ba al duzue? Ez al da etsigarria epaiketok zer erraz onartzen dituzten ikustea? Errusian, Txinan edo beste nonbait 80 disidente politiko batera epaituko balituzkete, mundu mailako albistea izango litzateke...
O.I: Bai, egia da. Lana egingo dugu hor ere, denbora eta baliabideak lortzen baditugu. Baina ikusten da ere hainbat sektore oraindik estatu politiken menpe daudela, eta elkartasun maila batzuk lortzen direla baina gehiago ez. Gainera, aurreko lana hemen dago, hemendik iraul daitezke gauzak.

J.A: Nire ustez, nazioartean egin daitekeen lana konponbidearen aldeko apustuaren koherentzia erakustea da. Makroepaiketa hauek berriro erakutsiko dute zein den Estatuaren posizioa, baita gurea ere. Azkenean ikusiko dute hemen arazoa ez garela gu, Estatua baizik. Gure ildoa legitimatzeko garrantzitsuak izan daitezke epaiketa hauek.

Duela bi urte, zer pentsatzen zenuten? Epaiketok ez zenituztela jasan beharko, ezta?
J.A: Aietekoa heldu zenean, nik ez nekien epaiketa hauek aurrera eramango zituzten ala ez, baina bai Estatuak sortzen ari zen agertokia aprobetxatzen bazuen epaiketok ez zutela inolako zentzurik izango. Aukera bazuen, eta ez gainera guri kasu egiteko, Kofi Annani, Tony Blairri eta abarri kasu egiteko baizik. Ez zuen gure bide orrian sartu beharko, nazioarteko bide orrian baizik. Hori da Kolonbian Juan Manuel Santosek egin duena. Baina berehala hartu zuen jarrera ikusita, nahiko garbi gelditu zen ez zuela hortik aurrera egin nahi. Zein da oraingo egoera? Bide orria hor dago, baina Estatuak ez du nahi. Gu indarrak metatzen goazen heinean bere posizioa ahulduko da, eta, azkenik, mugitu beharko du. Gogora dezagun EAEn PP dagoeneko laugarren indarra dela, Nafarroan aldaketarako aukerak ere bertan direla, eta gero eta jende gehiagok esaten duela: «Honela ezin da, goazen gure bidea egitera».