INFO

Ernaiko sei kidek eta Periko Solabarriak Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute irailean

Ernai gazte antolakundeko bozeramialeak eta Periko Solabarria militante historikoa auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Gazte Danbadan eta Ernairen webgunean «terrorismoa goratzea» egotzita. Ernai antolakundea Jarrai, Haika eta Segiren oinordekoa dela diote, gainera, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenek.

Ernai erakundeko bost bozeramaileak, ezkerretik eskuinera: Maialen Etxeberria, Mikel Button, Irati Sienra, Aitor Anda eta Gotzon Elizburu. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Irailaren 19an Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute Ernaiko sei kidek (tartean bost bozeramaileak) eta Periko Solabarria militante historikoak «terrorismoa goratzea» egotzita. Antzekoagatik deklaratzera deitu zituzten aurrez Gotzon Elizburu, Irati Sienra eta Mikel Button; eta gaur Maialen Etxeberria, Aitor Anda eta Garazi Mugertza gehitu zaizkie zerrendara (Periko Solabarriari «taldearen laguntzaile» izatea egozten diote).

Modu honetan Auzitegi Nazionalak auzi bakarren batu ditu webguneari eta Gazte Danbadari zegozkien kasuak. Bietan ere «terrorismoa goratzea» egozten diete gazteei, Xabier Lopez Peñaren eta Angel Figeroaren heriotzen ostean egindako adierazpenengatik.

Ernairen aurka ekiteko txosten bana osatu dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak eta bietan Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen oinordekoa izatea egozten diote ezker abertzaleko erakunde berriari.

Ekainean, Sienraren auzipetzea ezagutu zutenean «kriminalizazio saiakera» honen aurrean lan politikoa egiten jarraituko zutela iragarri zuten. Euren jarduerarekin jarraituko zutela eta «herritarren gehiengoak aldarrikatzen duen konponbide bidean pausuak» emango zituztela, «estatuek blokeoan jarraitu arren».

Martxoaren lehenean aurkeztu zuten Ernai gazte antolakunde berria Lizarran, Zukgua prozesuaren emaitza gisa.