INFO

Kuartangoko debekuarekin PPk frackingari «ateak zabaldu» nahi dizkiola salatu du EH Bilduk

Gobernu espainolak Kuartangon frackingari buruz egitekoa herri galdeketa debekatu izana salatu du EH Bilduk eta PPren asmoa frackingaren erabilerari «ateak zabaltzea» dela adierazi du.

«Fracking»-aren aurkako protesta bat, Gasteizen. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko Arabako bozeramaile Gorka Ortiz de Guineak kritikatu egin du Gobernu espainolak Kuartangon haustura hidraulikoari buruz egitekoa zen herri galdeketa debekatu izana. Koalizioaren ustez, PPren Gobernuak «berriro azaldu du» herri borondateari dion «errespetu eza».

Ortiz de Guineak nabarmendu duenez, Madrilgo Gobernuaren eta PPren asmoa frackingaren erabilerari «ateak zabaltzea» da. «Kuartangon egin nahi zuten herri galdeketa beste oztopo bat zen PPk jakin badakielako Arabako gizartearen gehiengo nabarmenak errefusatu duela teknika horren erabilera», adierazi du.

Hori dela-eta, EH Bilduk Arabako ahaldun nagusiari zuzendutako galdera batzuk aurkeztu ditu, Javier de Andresen jarrera zein izango den jakiteko. Biltzar Nagusiek teknika hori debekatzeko Ekimen Legegilea onartu zutela gogora ekarri du.

Galdeketaren debekua salatzeko Gasteizen Gobernu espainolak duen ordezkaritzaren aurrean egingo den elkarretaratzeari babesa eskaini dio EH Bilduk.