Euskal Herritik iritsitako ordezkaritza zabalak hartuko du parte Diadan
Herrialde Katalanetan ospatzen ari diren Diada eguna dela-eta, Euskal Herriko alderdi politiko eta eragile desberdinetako ordezkariak Bartzelonan izango dira.
Diadaren harira, ekitaldi ugari antolatu da Herrialde Katalanetan eta horietako batzuetan parte hartuko dute Euskal Herritik joandako ordezkariek.
Euskal Herria Bildu koalizioko kideak, esate baterako, Bartzelonan izango dira Assemblea Nacional Catalana-k antolatutako giza katean parte hartzeko-
ANC-k eginiko gonbiteari erantzunez, Maribi Ugarteburu, Laura Mintegi, Maiorga Ramirez, Diana Urrea, Xabier Mikel Errekondo, Rafa Larreina, Jon Iñarritu eta Pernando Barrena izango dira bertan.
Horrez gain, EAko idazkari nagusi Pello Urizar ere giza katean izango da bere alderdia ordezkatzen, ERC-k gonbidatuta. Rafael Casanovasen monumentuan eginiko lore eskaintzan ere parte hartu du, besteak beste.
ERC-ren gonbitea jasota, Aralarrek ere ordezkaritza bidali du Bartzelonara.
Beste alde batetik, EAJ ere, Andoni Ortuzar presidentea buru, Kataluniako hiriburuan da, CDC alderdiak gonbidatuta. Casanovari eginiko lore eskaintzan parte hartzeaz gain, Parlament-ean Generalitateak antolatutako ekitaldi instituzionalean ere izango dira.
Alderdi politikoez gain, Udalbiltzak, Independentistak Sareak –bi autobus bete ditu– eta ELA sindikatuak ere ordezkaritzak bidali dituzte Diadako ekitaldi desberdinetan parte hartzera.