Jokin Aranalderen aurkako euroagindua onartu eta Aitor Zubillagarena atzera bota du Pauek
Jokin Aranalderen aurkako euroagindua onartu egin du Paueko Auzitegiak eta Aitor Zubillagarena atzera bota du, forma akats bat tarteko. Ibartarraren abokatuak helegitea aurkeztuko du.
Paueko Auzitegiak onartu egin du Jokin Aranalderen aurkako euroagindua, Kazeta.infok jakinarazi duenez. Bere abokatuak helegitea aurkeztuko du hiru egunen buruan eta hilabete barru, gutxi gora behera, ezagutu beharko litzateke Kasazio epaitegiaren erabakia.
Auzitegi berberak atzera bota du Aitor Zubillagaren aurkako euroagindu eskaera, forma akats bat tarteko.
Zubillaga 2008ko euroagindu baten baitan atxilotu zuten, baina agindu hori ez du igorri Estatu espinolak. Paueko Auzitegiak eskaera egin zuen, baina frantsesezko itzulpena besterik ez du jaso; hori dela-eta atzera bota du eskaera, Kazeta.infok jakinarazi duenez.
Bake Bidea mugimenduak deitoratu egin du Paueko epaitegiak «justizia espainolaren zuzenbideak» segitu izana Euskal Herrian bake prozesu bat abian delarik. Nabarmendu du «prozedura juridiko hauek neurri politikoak» direla. Datozen egunetan ebazpen hau aztertuko dute mugimenduaren baitan, eta gogoeta egingo dute honi eman behar zaion erantzuna zein den erabakitzeko.
Aranalde ekainaren 23an atxilotu zuten, Heletan. Haren atxiloketak oihartzun handia hartu zuen, EIPKk mintzakidetza talderako izendatua baitzuen.
Aitor Zubillaga Zurutuza egun batzuk beranduago atzeman zuten, Saran.