INFO

Ametsen Antzokian, zale txuri-urdinek eman zuten ikuskizuna

Hau aukera bakarra izan liteke bizitzan, hemen egon beharra genuen», Aritz Esteban donostiarrak argi adierazi zuen han ziren jarraitzaile guzti-guztien pentsaera, esaldi bakar batean. Manchesterren, «txapeldunen» gaua zen, Old Trafford gaua.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, euskal zaletuak egon diren eserlekuei begira. (NAIZ.INFO)

Bost, sei edo zazpi mila, zaila izan zen atzo Manchesterreraino gerturatu ziren realzaleak zenbat izango ziren kalkulatzea. Batzuk hegazkinez, beste batzuk autobusez, gutxi batzuk autoz eta bada itsasoan barrena murgildu zenik ere. Inork ez zuen Ametsen Antzokian amets egiteko aukera galdu nahi. Bi aste lehenago ostatu hartzerik ez zegoenean, antzematen zen egun berezia izango zela hura. Eta han elkartu ziren denak. Eguna berandu argitu zen, gris kolorea gailentzen zen zeruan, eta goizeko lehen orduetan, futbol usainik ez. Baina zerua argituz joan zen, ostarteak zabalduz, eta hodei gutxi batzuekin txuri-urdin kolorea eman zioten Ingalaterrako hiriari. Realzaleek mezua ulertu zuten eta laster batean bete zituzten kaleak kolore berberekin. Hiriak, orain bai, Txapeldunen Ligako usaina hartu zuen, eta atzo, non eta Manchesterren, Reala zen protagonista.

Duela urte eta erdi, euskaldunez josia egon zen Manchester, eta hemezortzi hilabete geroago, berriz ere han. Oraingoan gipuzkoarrak. Hala ere, bertako jendeak ez zituen aurrekariak ahaztuta, are gutxiago tabernariek. Hauek ere egun berezia izan zuten. Cathedral Gates plazan elkartu zen jarraitzaileen zati handi bat, eta bertan zaila zen hain preziatuak suertatu ziren garagardoetako bat lortzea. «Ez dago euskaldunek adina edaten duen herririk. Guk fama daukagu, baina zuek...», bota zuen Brad Thomas zerbitzariak. «Kanibalen antzera edaten duzue», gehitu zion Davidek, 60 urte inguruko gizonak. Berak ere ez zuen, ordea, edozein donostiarrek baino gutxiago edan. Irabaziak lortzeko egun ederra: «Gaurkoa eginda, bihar oporrak hartzeko moduan nago. Agian Donostiara joango naiz», aitortu zuen barre algaratan. Giro txuri-urdinera gerturatzen ziren bertakoak ere ez zeuden batere haserre, eta festaren parte ziren: «Guk antzokia jarriko dugu, baina zuek ekarri duzue ikuskizuna», esan zuen Samuel gazteak.

Eta egunean zehar zaleek erakustaldia eman bazuten, onena geratzen zen aurretik. Hiriaren erdialdetik Old Trafforderako bidea autobusez, tranbiaz edo taxiz egiterik ere bazegoen. Euskaldunok, geure erara, ordea. Kalejira egin zuten futbol zelairaino. Eta ez nolanahikoa. Han elkartu ziren denak. Baita sarrerarik ez zuen baten bat ere. «Goazen Reala, goazen txapeldun!», eta han abiatu ziren denak giro alaian. Ordubeteko ibilaldia izan zen, isilunerik gabekoa. Bertako bizilagunak leihoetatik begira, eta festak aurrera zirauen. Merezi zuen-eta. Kaleak beteta, nahiz eta ez den erraza etxetik milaka kilometrora hori lortzea, baina talde txuri-urdinak lortu zuen. Ez da Gipuzkoan herri bakar bat izango herrikideren bat bertan ez zuena.

Horrela iritsi zen amets egiteko unea. Hori baita Old Trafford talde donostiarrarentzat. Amets egiteko lekua eta ametsa bizitzeko aukera. Eta horrela eman zuten partida zaleek, ametsetan oihuka. Noizbait, nolabait, bueltatuko diren esperantzarekin.