INFO

Europako Hizkuntza Gutxituen Karta ez duela berretsiko dio orain Frantziako Gobernuak

François Hollande presidenteak berak zin egin bazuen ere, eta atzo bertan agintaldia bukatzerako onartuko zutela iragarri arren Defentsa ministroak, gaur Kultura Ministerioak orain hilabete Senatu frantziarrean emandako erantzun ofiziala ezagutu da: «Gobernuak ondorioztatu du ez dela posible Hizkuntza Gutxituen Karta berrestea eragingo lukeen aldaketarik ezartzea Konstituzioan».

François Hollande Larrainen 2011n, Telesforo Monzonen pastoralean. (Bob EDME)

Gaur egin da publiko orain hilabete Kultura eta Komunikazio Ministerioak Senatuan ofizialki Hizkuntza Gutxituen Karta berresteaz esandakoa: «Gobernuak ondorioztatu du ez dela posible Konstituzioan Eurpako Hizkuntza Gutxituen Karta berrestea eragingo lukeen xedapenik txertatzea, Konstituzio beraren 1. eta 2. artikuluekin kontraesan handiagoa txertatu gabe», alegia, François Hollanden gobernuak erabaki duela ez dutela ituna berretsiko.

Languesregionales.org proiektuak azalerazi du orain hilabete, urriaren 17an, Frantziako Senatuan Kultura Ministerioak idatziz Aude departamentuko hautetsi bati emandako erantzuna. Senatuak berak gaur argitaratu ditu orduko galdera eta erantzuna sarean.

Kultura eta Komunikazko Ministerioak dio aholku batzordea abiatu dutela «Gobernuak hizkuntza gutxituekiko duen konpromisoa» betetzeko.

«Denbora kontua»

Zur eta lur utzi du bat baino gehiago adierazpenak, orain arte Gobernuko ordezkariek esandakoak gezurtatu baititu. Atzo bertan Jean-Yves Le Drian Defentsa ministroak «denbora kontua» zela esan zuen. Konstituzioan txertatzeko «modu egokiaren» bila ari zirela eta Hollanden konpromisoa dela Karta berrestea.

François Hollandek hauteskunde kanpainan esan zuen Europako Hizkuntza Gutxituen Karta berretsiko zuela.