Kontsultaren galdera eta data adostu izana txalotu du Independentistak Sareak
Galdeketaren data eta galdera zehaztuta Kataluniako alderdi subiranistek egindako «jauzi politiko berria» txalotu du Independentistak Sareak, «interes alderdikoiak alde batera utzi eta Kataluniaren interesak lehenesteko gai» izan direlako.
Independentistak Sareak oso positiboki baloratu du Kataluniako kontsultaren data eta galdera adostu izana.
Ohar bidez gogoratu dute abenduaren 6an egindako Durangoko martxaren harira esan zutela «kataluniar herriak azken Diadan egin dituen azken independentziaren aldeko indar erakustaldien ostean» ziur zeudela urrats berriak etorriko zirela epe laburrera.
«Ez da astebete pasatu eta hemen dago berri pozgarria», nabarmendu dute.
Independentistak Sarearen aburuz, «jauzi politiko» honek Kataluniako alderdi subiranisten «heldutasuna» erakusten du, «interes alderdikoiak alde batera utzi eta Kataluniaren interesak lehenesteko gai izan direlako».
Galdera bikoitzaren bitartez independentzia «era garbian» sartu dutela azpimarratu ondoren, Kataluniako prozesu independentistak «egundoko abiadura eta sakontasuna» hartu duela nabarmendu dute.
«Euskal Herrian ere geure independentziarako prozesua zehaztu eta martxan jartzeko ordua dela» uste du sareak, eta Kataluniakoa ikusita, «indar berriarekin ekingo diogu gure herriaren independentziaren aldeko lanari».