Bertsolari Txapelketako finala etxetik jarraitzeko aukera anitz
BECen egun osoan zehar burutuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean izateko sarrerarik lortu ez dutenek irratiz, telebistaz, Internetez edo sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dute bertsolarien lana. INFO7, adibidez, 10.30etik aurrera izango da Barakaldon, adi-adi.
Bertsolaritzari jarraipen berezia ematen dio INFO7 irratiak, eta, horren adibide, orain lau urte egin bezala, gaurko finalari emango dion garrantzia. Hala, BECetik zuzenean izango dira 10.30etik aurrera Agin Laburu eta Onintza Enbeita, mikrofonoaren aurrean gonbidatu bereziak izango dituztelarik. Bestalde, eta txapelketa osoan egin duen bezala, Bertsoa.com Interneteko atariak ere zuzenean eskainiko du finala.
EITBko komunikabide guztietan ere jarraipen zabala izango du gaurko finalak. ETB1 kateko kamerek, adibidez, 10.45etik aurrera egingo dute bat BECekin goizeko saioa zuzenean jarraitzeko asmoz. Ondoren, bazkalorduaren ostean, 15.45ean berrekingo diote emanaldiari. Finala komentatzeko ardura, berriz, Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxeak izango dute. Ilaski Serrano, berriz, publikoaren artean ariko da elkarrizketak egiten.
Sareari dagokionez, Eitb.com atariak ere goizeko eta arratsaldeko saioen seinalea zuzenean emango du streaming bidez. Hala, Eitb.com atariko kazetariak ere BECen izango dira oholtza gainean gertatzen den oro bertatik bertara kontatzeko. Sare sozialetan ere, ahalegin berezia egingo due EITBk.
Euskadi Irratiko «Amarauna» magazina ere BECetik bertatik egingo da goizean. Bertsoak, giroa, adituak, Bertsozale Elkarteko kideei elkarrizketak... bete-betea izango da saioa. 14.15ean, berriz, «Hitza Jolas» tarteak goizeko jardunaren onena eskainiko du, eta, 16.00etan aurrera, Uxue Alberdi eta Xabier Sukiak gidatuko dute arratsaldeko emanaldia. Horrez gain, ondoren, protagonisten prentsaurrekoa emango dute.
Biharamunean ere izango du lekua finalak Euskadi Irratian. Hala, «Albiste Faktoria» saioan Maite Artolak txapeldunari elkarrizketa egingo dio 09:00etan, eta, 10:00etan, Xabier Sukiak finalaren onena eskainiko du saio berezi batean.
Maider Martin Radio Euskadiko kazetaria ere BECen egongo da, zuzeneko konexio ugari egingo dituelarik egun osoan zehar. Horrez gain, bai albistegietan bai programetan eduki bereziak emango dituzte. «Más que Palabras» saioan honako gonbidatuak izango dituzte: Xabier Sukia, Beñat Zamalloa, Jon Maia eta Iñaki Murua.
Goizeko informatiboan bertso eskolei buruzko erreportaje berezi bat emango dutela ere iragarri du Radio Euskadik. Horrez gain, Andoni Egaña eta Miren Amuriza elkarrizketatuko dituzte.