«Senideok bizi izandakoari duintasunetik hitza jartzen hasiak gara eta hori asko da»
Errepidean eman du ia bizitza osoa, dispertsioaren mundu krudelaren testigu. Psikologoa ere bada eta errepresaliatu baten senide izateak dakartzan ondorioak artatzen ditu.
Gotzone Lopez de Luzuriaga izebak etxeko mahaiaren bueltan urteetan utzitako hutsunea
bete du Gabon hauetan. Hunkituta dago oraindik Nagore. Aulki guztiak bete daitezen, baina, Bilbon egongo da gaur, izeba ondoan duela itsasoa osatzen.
Gabonak pasa berri ditugu, data konplikatuak izaten dira euskal presoen senide eta lagunentzat.
Ez dira data erraxak, ez. Gabonak, etxe orotan, senitartekoak biltzeko aitzakia izaten dira, eta, mahaiaren bueltan hutsuneak presenteago bihurtzen dira. Euskal presoen senideok, data hauetan, etxekoak elkartu eta falta diren horiek gogoratzen ditugu. Gure senideengan asko pentsatzen dugu, nola egongo ote diren, Gabonak nola igarotzen ariko diren kezka iturri da-eta. Kideekin baldin badaude, badakigu behintzat ziega edo patioan hala-hola ospatuko dituztela, baina bakarrik badaude... Gabonen parte nolabait sentiarazteko, etxera deitu ohi dute. Deia bereziak izaten dira.
Aurten, baina, ederragoak izan dira Gabonak zuen etxean.
Bereziki hunkigarriak izan dira aurtengoak, izeba [Gotzone Lopez de Luzuriaga] eta osaba [Iñaki Fernandez de Larrinoa] orain hilabete eskas atera direlako espetxetik. Haiek eta beste ia 60 familietako seme-alabak ere. Pozik gaude, une askotan, baina, sinetsi ezinik gaude oraindik; haiei begiratu eta «egia da, hemen zaudete!» esaten dugu. Momentu txiki bakoitza gozatzen saiatu gara, janaria prestatzeko tartetik txintxin egiterainoko unera arte. Bereziak izan dira Gabonak, baina, izeba mahaian egon den arren, hutsuneak izan ditugu. Bere gurasoek eta neba zaharrenak ezin izan dute Gotzone aske ikusi. Cecilio, Gotzoneren neba zaharrena, Senideak elkartearen sorreran ibili zen eta bera izan zen, gure familian, senideen lanean aitzindari. Oso gogoan izan dugu data hauetan.
Zer suposatu du Estrasburgoko epaiak presoen senideentzat?
Asko. Hasteko, lasaitu bat izan da presoen senide eta oro har presoen eskubideen alde lanean aritzen garenontzat. 197/2006 doktrina bidezkoa ez zela jakin bagenekien, eta, hasierako kolpea gaindituta, itxaropena mantendu dugu. Noizbait arrazoia emango ziguten esperantzaz, ez dugu urte hauetan guztietan etsi. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak guri arrazoia ematea eta Estatu espainolak aplikatutako espetxe politikari “stop” bat ezarri izana garrantzitsua izan da. Are gehiago, urte hauetan guztietan doktrina azalean bizi izan duten preso eta senideentzat.
Nola gogoratzen duzu izeba eta osaba askatu zituzten eguna?
Oroitzapen gazi-gozoa dut, egia esan. Izeba Martutenetik atera zen eta familian bizi ahal izan genuen gertaera hori. Osaba, baina, Puerto de Santa Mariatik atera zen, senideak oraindik ere bidean zeudela. Sustatutako giroa dela medio, osaba senideen zain zegoela, espetxe atarian bildutakoak oldartu zitzaizkion. Gezurren bitartez bilatzen zuten argazkia lortu zuten osabarekin. Salatu beharra dago, gainera, bai nire osabaren kasuan bai Antxon Lopezen kasuan ere, kanpoan
jendea xaxatzen zeudenen artean funtzionarioak zeudela.
Tristea izango da hainbeste desiratutako eguna hala moduz igarotzea, ezta?
Nik beti diot hasiera batean kartzelatik irteteko ezarritako egun
haiek eta ondoren etorri diren urte luzeak lapurtzeaz gainera, oraingo kaleratzeak ere ostu dizkigutela. Egun horrekin amesteko eta kartzela uzteko unea prestatzeko
aukera galdu dugu, izan ere, azken segundora arte bai barruan bai kanpoan ere ez dugu
askatasunarekin gehiegi pentsatu nahi izan. Askatasuna ganoraz eta pozez ospatzen ere ez digute utzi. Gobernu espainolaren jarrera ikusita oso tentuz jokatu dugu, etor zitekeenaren aurrean gure buruak babestuz. Duen gaixotasuna dela-eta, gainera, bizpahiru aldiz uste
izan dugu Gotzone etxera zetorrela eta horrek bere eta gure jarrera erabat baldintzatu du. Pentsa, astearte batean berreskuratu zuen askatasuna eta larunbatean nirekin egon zen aurrez aurrekoan. Argi zegoen denbora kontua zela askatasuna, baina, hala ere, bere begiek erantzun zain begiratzen ninduten.
197/2006 doktrinak zer suposatu du preso eta senideentzat urte hauetan guztietan?
Izugarrizko inpotentzia eta amorrua, bidezkoa ez zen sentimendua; inpunitate osoz jokatzen
duten sentsazioa guztiz zabaldu zen gure artean. Gure bizi-itxaropenak txikitzea suposatu zuen doktrinak. Espetxearen buelta horretan bizitzeari noizbait utziko ote genion galdetzen genion geure buruei. Izebak ere beldur hori zuen; «orain beste hamar urte diote, baina nork dio denbora hori pasata ez dutela beste zerbait asmatuko ni hemen edukitzeko?» galdetzen zuen. Etsipenera
eraman nahi zaituen neurria da, tunelaren amaieran argia ez ikustera eraman nahi gintuzten.
Izebari, gainera, zuk zeuk esan behar izan zenion doktrina ezarri ziotela.
Nolabait aurreikusten genuen doktrina aplikatzeko aukera egon bazegoela, baina ofizialki ez zioten jakinarazi, eta, beraz, aukeren artean egon zitekeen aske geratzea. Berak ere buruan zuen arren, itxaropena mantenduz eta aldarrikapenaren bidetik azken segundora arte borrokatu zuen bere askatasun eguna. Biziraupen eta borroka jarrera izan zen hura, ezin baitzuen onartu lapurtutako bere askatasun eguna normaltasunez bizitzea. Bezperan etxera deitu zuenean, goizean irtenez gero ea zain egongo ote ginen galdetu zigun, gu, baina, arratsaldeko aurrez aurrekora gindoazen. Lokutorioan bisitara atera zain geundela eztabaidan entzun genuen funtzionarioekin.
Gogorra izango zen aurrez aurreko hura.
Bizi izan ditudan aurrez aurreko guztietatik gogorrenetakoa. Babestu eta lagundu nahi duzu, baina ez dago egoera horretan lasaituko zaituen hitzik.
Gotzone Lopez de Luzuriaga kondena luzatu dieten presoen zerrendan egoteaz gainera, gaixo larrien zerrendan ere egon da urte luzez.
Hori ere gogorra izan da, nahizeta duintasun osoz egin dion aurre egoera horri ere. 2007an jakin zuen bularreko minbizia zuela, baina lehenengo asteetan ez zion inori ezer esan. Zoritxarrez, ondo zekien zer zen minbizia, etxekoen artean ere bizi izan duelako, amaiera gordinarekin gainera. Gotzonek bazekien berriak inpaktu handia eragingo zuela etxean, eta, nola edo hala, leundu egin nahi zuen.
Hasieran espetxearen jarrera “zuzena” izan zen, zuzendaritzak aho batez eskatu baitzuen bere askatasuna. Lehen aldia zen hala gertatzen zela eta gugan itxaropena eragin zuen horrek, baina azkenean ez zen deus etorri. Sei urte hauek markatu dituzten bidegurutzea hasi zen orduan: ziegan dar-dar betean egonik funtzionarioak damutzeko agiria sinatzeko eskatuz, erradioterapia
saioak jasotzeko pasatako trabak... Ezinegona eta ezer gutxi egin ahal izateak sortutako inpotentzia nagusi izan dira bidean; izugarrizko bidegabekeria pairatzen egotearen sentimendua, azken finean. Senide moduan, gainera, bere osasunean pentsatuz hoberena opa diozu eta ahal zela erradioterapiarekin jarraitzeko eskatzen genion, konturatu gabe oso erabaki zailaren aurrean jartzen genuela: osasun eskubidea duintasunez jasotzearen eta edozer onartzeko atakaren artean aukeratu beharra. Egoerak faktura izan zuen eta tratamendua uzteko erabaki zaila hartu zuen. Bere borrokagatik edo kanpoan egin genuen presioagatik, bien baturagatik ziurrena,
Martutenera ekarri zuten azkenean 2011ko martxoan. Kalean egon behar bazuen ere, Euskal Herrian egotea sekulako aldaketa izan da.
Errepidean milaka kilometro egindakoa zara.
Errepidean 8 urte ditudanetik nago. Hasieran, umearen ikuspegitik eraikitzen nuen errealitatea,
handitu naizen heinean, baina, nik ere hartu behar izan dut autoa, Mirentxin senideen furgoneta edota Pariserako trena. Bisitak ere biderkatu egin dira, osaba-izebez gain, lagunak ere baititut kartzelan. Dispertsioaren mundua oso gogorra da, baina badu bere alde ederra ere. Furgonetakoak edo espetxe atarikoak oso bizipen hurbilak dira, ez ezagutzetik elkarrizketa sakonak izaterainoko harremanak sortzen dira batbatean. Lopidanan agurtu arren, Euskal Herriak zorionez edo zoritxarrez berriz elkartzen gaitu beti. Sakabanaketaren gordintasuna bizi izan dugun arren, kariño eta maitasun handiko espazioak sortu ditugu senide eta lagunek.
Espetxean egondakoa ere bazara zu zeu.
Beti da denbora gehiegi, baina zorionez bi urte besterik ez nituen espetxean igaro. Hala ere, bertan ondo ulertu nituen izebari entzundako beldur asko, eta dispertsioa metro karratu gutxi horietan zer den sentitu nuen. Bidaien kezkarekin bizitzea zer den jakin nuen. Arduraren parte bat ere hartzen duzu, zuregatik doazelako doazen lekura. Era berean, 40 minutuk eman dezaketen “txuteaz” ohartzen zara. Etxekoen baldintzarik gabeko babesaren eta irribarre baten balioaz kontzienteago zara. Espetxeak zerbaitetarako balio izan badit, horretarako izan da, gauza handiak gauza txikiez osatuta daudela ohartzeko. Kanpoan ez gara sarritan horretaz ohartzen.
Dispertsioaren amaierarekin jendartearen gehiengoak egiten du bat.
Inoiz izan ez badu bidezko azalpenik, dagoeneko ez dago inongo aitzakiarik. Beti diogun moduan, astebururo-astebururo senideen bizitza jartzen da jokoan, baina, dispertsioak berak inpunitate egoerei leku egiten die. Hor dugu Sevilla II espetxean gure senideek bizi behar izan duten isolamendu egoera, edota, senideok bizi izan ditugun jazarpenak Murtzia edota Puertoko espetxe atarietan.
Euskal Preso Politikoek Kolektiboak adierazpena atera berri du. Zein iritzi duzu?
Azken bi urte luzeok frustrazio puntu batekin bizi izan ditugu senideok, gure eguneroko errealitate horretan hoberako aldaketarik ematen ez zela ikustean. Gobernuak ere pausuak emango zituela uste genuen, baina, tamalez, aurrera baino atzera egin du kontu askotan. Orain EPPK-k ekarpen berria egin du, hartutako erabaki ausart eta garrantzitsuak egoera desblokeatzen lagun dezakeela pentsatzen dut, baina eragileen papera ere garrantzitsua izango da zentzu horretan. Beti esan izan dugu gure senideak gatazka politiko baten ondorio direla, eta,
gatazka politiko batek, konponbide politiko bat behar du halabeharrez.